Kanpaina hasi besterik ez da egin baina Gurutze Gorriko boluntarioak pozik daude: "Bi egun egin ditugu baina jendeak ekarpenak egin ditu eta pozik gaude". Arrasateko Eroskin dute bilgunea eta han egongo dira hurrengo bi aste bukaeratan ere; hona egunak: 9, 10, 15, 16 eta 17.
Jostailu berriekin batera dirua ere onartzen dute; diru horrekin Gurutze Gorrikoek beraiek erosiko dituzte jostailuak. Eta laguntza ekonomikoa eman gura dutenendako Laboral Kutxan kontu korronte bat dute; hona: ES22 3035 0001 51 0010018156 (Kontzeptuan, Jostailu Berria jarri behar da).
Olentzero opari berriarekin dator
Orain dela hiru urte egin zuten lehenengoz Gurutze Gorriko boluntarioek jostailu berriak jasotzeko kanpaina. Ordura arte, erabilitakoak jasotzen zituzten: "Berriak zergatik? Olentzerok ez dio inori erabilitako jostailurik ekartzen, ezta? Bazterkeria arriskuan dauden ume eta gaztetxo horiek lagunekin jolas egiterakoan jostailu berria izan dezaten gura dugu, beste edozeinek moduan. Eta segurtasuna ere bada arrazoia, erabilitako jostailuan ez dagoelako hori bermatzerik", jakinarazi du Javi Igartua boluntarioak.
Iaz 190 bat neska-mutikorengana iritsi ziren: "Kanpaina ondo joan zen eta guztiendako jaso genituen". Aurten, gehiago dira beharrean dauden umeak, 200 pasatxo, eta herritarren laguntzari esker horiei guztiei eman gura diete jostailu berria.