Mondra eta UDA aurrez aurre, lau urteren ostean

Xabier Urtzelai 2016ko abe. 2a, 09:00

Domekan indarrak neurtuko dituzte Mondrak eta Aretxabaletak (16:30, Mojategi). Bi talde horiek 2012an jokatu zuten azken derbia Mojategin, eta orduan 'Lutxo' Iturrino eta Alberto Albistegi ziren bi taldeetako entrenatzaileak. 

Azken lau urte hauetan ibilbide ezberdina izan dute Mondrak eta UDAk. Arrasatearrek kategoria galdu zuten 2012/2013 denboraldian, eta hiru urte behar izan zituzten ostera ere Ohorezko Erregional mailara igotzeko. Aurten, berriz, mailaz igo direnen artean ezustekoa eman duen taldeetako bat bilakatu da Josu Zubiaren taldea, eta arrasatearrak 23 punturekin bosgarren postuan daude. 

UDAren ibilbidea bestelakoa izan da, gozoagoa. 2013an laugarren amaitu zuten liga, 2014an hirugarren, eta joera positibo horrek saria izan zuen 2015ean, Hirugarren Mailara igota. Hala, urtebetez goiko kategorian egon eta gero Aretxabaletako taldea mailaz jaitsi zen ekainean, baina garbi zegoen ligako oilarretako bat izango zirela. Eta 24 punturekin, eta hirugarren egonda, pronostikoek ez dute kalerik egin.   

Inoiz baino lehiatuagoa 

Azken urteotan Ohorezko erregionalean pare bat talde indartsuk hasieratik hartu izan dute abantaila. Aurten ez, bost talde daude-eta hiru puntuko aldearekin (Anaitasunak 26, Amaikak Batek 25, Aretxabaletak 24 eta Mondrak 23): "Oso liga parekatua da, polita, hemen partidu bat irabaztea oso zaila da, eta aurrealdeko taldeen kontra zailagoa oraindik", dio Gipuzkoako ohorezko erregional maila sakon ezagutzen dabilen Iñigo Velez entrenatzaile gasteiztarrak: "Azken lau partiduetan beherakadatxoa izan dugu emaitzei dagokionez, hainbat partidu berdindu ditugulako. Horri buelta eman gura diogu, garaipen gosez gaude". 

Mondrako entrenatzaile Josu Zubiarendako ere deigarria da aurten dagoen parekotasuna: "Nik uste dut Gabonak aurretik geratzen diren hiru jardunaldietan ikusiko dela ze talde egongo diren aurrealdeko postuetan borrokan. Hor egon gura dugu, baina oraindik asko geratuko da, eta eutsi egin beharko zaio goialdean egote horri". 

Arrasateko taldearendako garrantzitsua izan zen joan den astean Hondarribian irabaztea: "Aurreko hiru partiduetan taldea ez nuen txarto ikusten, eta pozik nengoen jokalariak egiten ari ziren lanarekin, baina ez ziren emaitzak iristen. Hondarribiaren garaipenak on egin digu". 

Klubaren egun-erdia 

Mondrako zuzendaritzako kideek Mondraren eta UDAren arteko derbia klubaren egun-erdia izendatu dute; hori horrela, Arrasateko taldeko bazkideek sarrera ordaindu beharko dute. 

Aloña Mendi behetik gora dator

Hamar partidutan garaipen bakarra batuta Aloña Mendi sailkapenaren atzealdeko postuetan murgilduta ibili da, baina oñatiarrek azken bi partiduak jarraian irabazi dituzte, eta orain arteko gol faltaren aurrean, deigarria izan zen joan den astean Ostadarren kontra lortutako 5-0ekoa. Horrek arnasa eman dio taldeari; hala, atzealdekoen kontrako borroka horretan asteburuan beste lehia bat izango dute, Martutene azkena da-eta. 

Erregional preferentean, berriz, Bergara lan oso ona egiten dabil. Sailkapenean bigarren daude mahoneroak, baina kontrario gogorra izango dute zapatuan Agorrosinen, laugarren dagoen Zestoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak