Santamasetako krosa, 40 urte betetzeko atarian

Xabier Urtzelai 2016ko abe. 1a, 18:59
Santamas krosa, 2015ean. Korrikalari bi Maalan.

Arrasate Atletiko Taldea Kanpanzarrek antolatzen duen lasterketak –Enrike Kabiketa memoriala– 39 urte beteko ditu abenduaren 18an. Ohi moduan, goizeko lehen orduan gaztetxoendako probak izango dira; koadrilen arteko lasterketa 12:30ean izango da.  

Koadrilen arteko Santamas krosa da jaiak gainean dauden iragarle onena. Abenduaren 18an egingo dute aurtengo krosa, ia lau hamarkada lasterketa antolatzen, hasierako helburua zentimetro bat ere mugitu barik: "Askok esaten digute han eta hemen publizitatea egiteko, lasterketa iragartzeko, ea horrela, esaterako, kostaldeko jendea gerturatzen den. Baina guk ez dugu halakorik gura, kros hau Arrasateko eta inguruko koadrilendako antolatzen dugu, egin dezatela egun batez lagunartean korrika, ez dugu gehiago behar", dio Fernando Zufiria Txufi-k. 

Iaz, esaterako, 260 lagun batu ziren irteera puntuan, eta duela bi urte 300 korrikalari izan ziren krosean: "Aurten ere detailetxo bat egongo da korrikalariendako".

Zirkuitua, iazko berbera 

Iaz nobedadea izan zen korrika egiteko zirkuitu berria: "Itzuli bakoitza luzeagoa egin genuen eta guztira 3 itzuli egin zituzten korrikalariek, ia 6 kilometro. Lehen bost itzuli egiten genituen, eta jendea nekatu egiten zen, gainera, azkarrenek hainbatetan aurreratzen zaituztela ikusteak ez du graziarik egiten [barre]". 

Hala, aurten ere iazko ibilbideari eutsiko diote. 10:30etatik 12:00etara gaztetxoenak ibiliko dira –5 eta 14 urte bitartekoak–, eta koadrilen krosa 12:30ean izango da.

Arnaiz bosgarren maratoi erdian

Azken urteotan Beñat Arnaiz izan da Santamas Krosean azkarrena –iaz Nere Arregirekin batera– eta badirudi aurtengo edizioan ere aurrean ibiltzeko sasoia daukala, joan den astean Donostian egindako maratoi erdian bosgarren sailkatu zelako (1.11.51). Bitxikeria moduan esan Estokolmoko Fredi Uhrbom izan zela azkarrena (1.07.39), hain zuzen, 2015eko Torreauzoko kroseko irteera puntuan azaldu eta lasterketa erraz irabazi zuen gizona.

Maratoian, berriz, ibarrekoen artean azkarrena Oliver Hernandez izan zen (2.43.03). Eta, hiru orduren laga azpitik ibili ziren, baita ere, Ganix Lasa (2.51.30), Iñaki Vazquez (2.53.22) eta Mikel Lasa (2.59.26) arrasatearrak. Iaz Gipuzkoako txapeldun izan zen Nere Arregik ezin izan zuen txapela defendatu, lesio bat tarteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak