Arizmendiko Almen guneko eta Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolako DBH 3. eta 4. mailako 220 gazte elkartuko dira elkar ezagutu eta "mingainak euskaraz dantzatzeko". Ordubeteko bi saio antolatuko dira eta bakoitzean 100 gazte bilduko dira; lehenengoa 09:45ean hasi eta 10:45ean bukatu, eta, bigarrena, 11:15etik 12:15era luzatuko da. Ikasleei lau mintzagai emango zaizkie eta horiei buruz hitz egingo dute 10 minututako lau txandatan. Gainera, tarte bat izango dute bertan hitz egindakoak sare sozialetan partekatzeko, #gaztemintzodromoa traola erabilita.
Ekimen honen helburua da gazteak euskaraz elkar ezagutu eta dibertitzea, ongi pasatzeko euskarazko topagune bilakatzea. Horretarako, giro paregabea piztuko duten 20 gazte dinamizatzailek parte hartuko dute (unibertsitateko ikasleak, zein Aretxabaleta eta Eskoriatzako gazteak) eta ez dira sorpresak faltako.
Mintzagaiak, jokoak, opariak, zozketak, argazkiak... detatik egongo da, eta eguneko protagonistak gazteak direnez, beraientzat prestatutako jardunaldia izango da Gazte Mintzodromoa. Mingainak dantzan jartzeko eta lagun berriak ezagutzeko aukera paregabea.