Partidua hasi eta gutxira Eskoriatzak sartu du partiduko lehen gola. Richard Hidalgo izan da golegilea, eta Aretxabaleta orduan hasi da esnatzen. Izan ere, hotz samar irten dira partidura, baina lehen zatiaren amaieran, berdinketa lortu dute Asier Mansoren golari esker.
Bigarren zatian, berriz, partidua intentsitate handiagokoa izan da, eta etxekoek aukera gehiago izan dituzten arren, ondo erantzun dute Eskoriatzarrek. Zaleen animoak ere ez dira falta izan Ibarra kiroldegian, eta kexak ere egon diren arren, arratsalde bikaina pasa dute bertaratu diren ikusleek.
Emaitzarekin pozik
Jon Eguskiza Eskoriatzako atezainak adierazi du: "Giro bikaina egon da, eta gu ere ondo aritu gara. Puntu beharra genuen eta pozik goaz etxera. Iaz jokatu genuen partidua gogorragoa izan zen, baina aurten gogorra izan bada ere, kiroltasuna nabaria izan da…".
Aretxabaletako Joseba Frailek, bestalde, adierazi du: "Emozioagatik edo, nerbioso irten gara, eta horren ondorioz sartu digute lehen gola. Hala ere, partidua orekatua izan da eta gustura goaz etxera".
(Partiduko laburpen osoa eta bi golak, astelehenean, 22:00etan, HARMAILATIK saioan)