Joan den domekan, Scaliburren kontra partidua irabazteko merezimenduak egin eta esku hutsik geratu ostean Eskoriatzakoen partidu osteko aurpegiek dena esaten zuten. Aratz Kortazarri Harmailatik saiorako hartutako adierazpenek ezintasuna erakusten zuten, baina oraingo zapatuko derbiaren gainean galdetzerakoan ezin izan zion irribarreari eutsi: "Aste barruan ondo prestatuko dugu partidua. Motibazio handiarekin joango gara Aretxabaletara, hil ala biziko partidua izango da guretako, eta derbi oso polita bai ikusteko, eta baita jokatzeko ere. Halako partiduak ederrak izaten dira, baina irabazi egin behar dira".
Aretxabaleta-UDA, oso ondo
Aretxabaletako taldeko ordezkari Oier Urrutiak garbi dauka Eskoriatza intentsitatez jokatzera etorriko dela: "Puntuak behar dituzte, galtzen badute atzealdeko postuetan gehiago murgilduko direlako. Guk ez dugu puntu premia hori, baina partidua irabazteko euren intentsitatea, gutxienez, berdindu egin behar dugu. Izan ere, derbiak derbi dira, ez du ardura bigarren postuan edo zortzigarren postuan egon".
Derbi 'beroak' orain artekoak
Iazko bi norgehiagokak, Eskoriatzan eta Aretxabaletan, beroak izan ziren: "Lehia handia dago gure artean, baita harmailetan ere. Lagunak gara denak, gertukoak, partidua hasten den arte. Hor, kantxan, lagun izateari uzten diogu". Norgehiagoka 17:30ean hasiko dute.