Emakumeen aurkako indarkeria gainditzeko Foru Plana aurkeztu dute

Eneko Azkarate 2016ko aza. 22a, 15:34

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko plan aitzindari bat aurkeztu du Gipuzkoako Diputazioak: Aurre!. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Miren Elgarresta Berdintasunerako organoaren zuzendari nagusiak aurkeztu dute. Kanpaina bat ere aurkeztu dute: #Denok zu.

Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izatea nahi dutela eta Planaren existentzia bera "berritzailea" dela esan du Maite Peñak eta gaineratu du, prebentzioan jarriko dutela indarra. Sentsibilizazio jardueren artean kanpaina bat ere aurkeztu dute, Denok zu leloa duena, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean abiaraziko dena eta gizartea kontzientziatzea bilatzen duena.

Aurre! planaren lehentasunezko helburua da politika publiko berria garatzea emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko, zeharkako ikuspegi batetik. "Arretaz eta babesaz gaindikoa izatea nahi da eta arlo desberdinen arteko lana zabalduko du. Planaren asmoa da helburu horiek lortzeko laneko marko berritzailea erabat garatzea", zehaztu du Berdintasunerako organoaren zuzendariak.

Lau ardatz nagusi

Aurre! lau ardatz nagusi dituen anbizio handiko plan bat da, Peñak eta Elgarrestak nabarmendu dutenez. Prebentzioa eta sentsibilizazioa, biktimei arreta, prestakuntza eta ikerketa, eta horietako bakoitzak lau helburu nagusi ditu. Bere egiturak, 17 helburu zehatz lortzea aurreikusten du eta, gizarte eraldaketan aurrera egiten lagunduko duten 70 ekintza garatzea, guztia, Gipuzkoa ezberdintasunik gabeko lurraldea izan dadin.

"Formazioa eta ikerkuntza zeharkakoak dira. Hala ere, orain arteko ekimen guztiak Berdintasuneko planetara edo gizarte politiken garapenera mugatu dira. Plan hau egin ostean, helburua da ikuspen osoagoa edukitzea, emakumearenganako indarkeriarekin lotura zuzena duten eragile politiko eta sozialak identifikatuta izango dituen lan marko batekin", esan du Peñak.

Arreta zerbitzuak

Europako EIGE institutuan egin den hausnarketarekin bat eginez, prebentzioa da une honetan eztabaidagai nagusia. Hala, Elgarrestak adierazi duenez, "Europan ere, gure antzera, arreta zerbitzuen inguruko politikak garatu dira. Eta Aurre! foru planarekin arretaz harago joan nahi du Aldundiak".

Adierazi dutenez, indarkeriarekin inplikazio zuzena duten eragileekin egindako plan bat da eta partaide izan dira udaletxeak, berdintasun teknikariak, emakumeen elkarteak eta foru departamentu guztiak. Kontraste fase garrantzitsu bat egin da. Lituania eta Norvegiara egindako bidaiak azpimarratu ditu berdintasunerako zuzendariak: "Bidaia horietan konturatu ginen orain arte garatu ez duguna prebentzioa dela eta hor jarri behar dugula azpimarra. Orain arte biolentzia jasaten zuten emakumeei arreta zerbitzuak eskaintzen zitzaizkien, bizi duten egoera latza gainditu dezaten. Baina hori ez da nahikoa. Izan ere, prebentzio politikarik ez badago, beti egongo da biolentziaren biktimen etengabeko jarioa", azpimarratu du Elgarrestak.

Miren Elgarresta Berdintasunerako organoaren zuzendari nagusia.

Formazioa eta ikerketa

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko foru plan honekin, orain arteko esparrua zabaldu eta formazioa eta ikerketa txertatu dira. Besteak beste, oinarrizko formazioa eskainiko zaie indarkeria jasaten duten edo jasateko arriskua duten pertsonekin harremanetan dauden langileei, genero ikuspegia izan dezaten.

Bestalde, emakumeen arreta maila hobetu dadin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek koordinatuta egingo dute lan, lurralde osorako balioko duen jarduteko protokolo baten arabera. "Ondoren, erakunde bakoitzak hobetu ahalko du udal guztiekin elkarlanean landuko dugu protokolo hori", azaldu du Elgarrestak.

Ikerketaren arloan, berriz, ezagutza gune bat osatuko da adituen, Think Tank, unibertsitateen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean, eta, ezagutza gune horrek, bizitzako arlo bakoitzean izan behar den genero ikuspegia landuko du.

Gazteen eremua

Planaren barruan froga pilotu batzuk ere egingo direla aurreratu du Miren Elgarrestak: "Gure foru plan honetan estrategikotzat hartzen da gazteen eremua garatzea, eta, horretarako, 2017an esperientzia pilotu bat jarriko da martxan, genero estereotipoen transmisio naturalarekin apurtu nahi dugulako. Biolentzia matxista jasan duten emakumeen elkarteei zuzendutako lantaldeak ere egingo dira. Harremanetan jarriko ditugu egoera berdina jasan eta gainditu duten beste emakumeekin".

Fokua gizarte osoan

Azkenik, Aurre! planari lotuta, prebentzio eta sentsibilizazio alorrean egingo diren hainbat ekimenen artean, azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, kanpaina deigarri bat abiaraziko du Berdintasunerako departamentuak: "orain arte biktimarengan zentratuta zegoen begirada hemendik aurrera gizartearengan jarri nahi dugu. Denok zu da kanpainaren izena eta gizarte osoa emakumearen lekuan jartzera gonbidatzen dugu", azaldu du Miren Elgarrestak, eta gipuzkoarrei deia egin die Emakumearenganako indarkeriaren aurkako Egunean parte har dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak