Aurten abiatutako lerroak eta estrategiak “bide onean lerrokatuak” egon direla adierazi du diputatu nagusiak, “enpresak erdigunean jarri” eta hauen lehiakortasuna areagotzeko “estrategikoak diren gaietan” aurrera egiteko programak jarri baitira martxan.
Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Planak 200 milioiko inbertsioa aurreikusten du 2019ra arte, lurraldeko ekonomia, enplegua eta ongizatea bultzatzea helburu. Lau arlotan banatuta –industria, lehen sektorea, gizarteratzea eta kultura eta turismoa – 2016eko atalean dagoeneko 50 milioi aktibatu dira eta, horiei esker, gutxienez 2.888 enpresa eta zentrok babesa jaso dute lehiakortasunean sakontzeko.
2017an ere “Ekonomia susperraldiaren gurpilak biraka jarrai dezan” lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du diputatu nagusiak.
Lurraldeko ekonomiaren testuinguruari dagokionez, diputatu nagusiaren ustez “zantzu positiboak” gailentzen ari dira azken hilabeteotan. Langabezia tasa %10etik behera kokatu da, Eustatek hil honetan zabaldutako datuen arabera, enpresa kopuruak hazkunde joerari eusten dio eta Barne Produktu Gordinak ere gora egiten jarraitzen du, Olanok xehatu duenez. Egoera honen aurrean “zuhurtzia” eskatu du hala ere, “ziurgabetasunak ere badirelako”, eta beste behin ekonomiaren arloko eragileekin elkarlanean jarraitzeko deia egin du.
419 enpresa eta 1.860 lanpostu berri
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, industriaren arloan martxan jarritako neurri eta programen inguruko balorazioa egin du. Hasteko, Berrikuntzaren arloan Ekonomia Suspertzeko Planak izandako “inpaktu positiboa” azpimarratu du. Adibide gisa, besteak beste, “27 enpresa txiki eta ertainek fabrikazio aurreratuko makineria erosi ahal izan dute, hain zuzen ere enpresa hauen desafio nagusietako bat 4.0 Industriara salto egitea den testuinguru honetan.
Hori dela eta, Aizpuruk aurreratu duenez, datorren urtean Ekonomia Suspertzeko Planaren baitan jasotako ekintzetan “leku berezia” izango du fabrikazio aurreratuak; “Enpresa txiki eta ertainek 4.0 industriara egokitzeko egin behar duten bidea errazteko programa berezia eta berria jarriko dugu abian, alor honetan Gipuzkoan ditugun enpresa aurreratuenekin lankidetzan”, jakinarazi du diputatuak.
Ekintzailetzaren arloan, diputatuak jakinarazi du 2016an industria eta merkataritzaren arloan 419 enpresa proiektu martxan jartzen lagundu duela Ekonomia Suspertzeko Planak, horietatik 147 emakumeek bultzatutako egitasmoak, eta 1.860 lanposturen sorrera bultzatu du zuzenenean eta zeharka. “Horien artean oinarri teknologikoa duten 40 proiekturi babesa eman dio Foru Aldundiak, eta aipatzekoa da ekimen horiek duten balio erantsia”, gogoratu du Aizpuruk. Enpresa barruan bultzatutako 31 proiektu ekintzaile sustatu dira, baita ere.