Laburbirarako film laburrak proposatzeko aukera, abenduaren 16ra arte

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 16a, 13:14

Jasotako lanen artean urtarrilean aukeratuko dira euskarazko film laburren zirkuituan eskainiko diren lanak. XIV. edizioan ere deialdi zabala egitea erabaki dute, laburrak euskaraz egiten dituzten guztiek zirkuiturako euren lanak aurkezteko aukera izan dezaten.

Izan ere, zirkuituaren helburu nagusia horixe da: sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei geurean sortutako zineaz gozaraztea. Topaguneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada emateko, beste hiru egitasmo ere antolatzen ditu: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia.

XIV.Laburbira martxoaren 9tik apirilaren 12ra izango da, oraindik zehaztu gabe dago zein herri bisitatuko dituen, hori Laburbiran parte hartu nahi duen euskaltzaleen mugimenduko elkarte kopuruaren arabera izango baita. Iaz 27 herritan zehar ibili zen zirkuitua, zortzi film labur erakutsiz

Filmak aurkezteko baldintzak

Azaroaren 16tik abenduaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak leire@topagunea.eus helbidera bidaliz.

- Aurkeztu ahal izateko, filmeek euskaraz egindakoak izan behar dute, 2014tik hona ekoiztutakoak, fikziozkoak eta 18 minututik beherakoak.. Interesatuek, honakoak aurkeztu beharko dituzte:

- Sortzailearen datuak eta aurkezpen laburra (4-5 lerrotan bere ibilbidea, argazki eta guzti).

- Filmaren sinopsia

- Filmaren fitxa teknikoa

- Filma bera, euskarri digitalean (mp4, mov...)

Bestalde, aurtengo Irudienean egongo diren film laburrak ez dira berriz aurkeztu beharko, zuzenean Laburbirarako aukeraketa fasean sartuko direlako.

Aukeraketa egiteko irizpideak

Urtarrila erdialderako aukeratuko dira 14 .Laburbiran herriz-herri eskainiko diren film laburrak. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, honakoak:

- Publiko guztientzako lanak izatea.

- Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka.

- Sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna.

- Genero ikuspegia

- Filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak...

Iazko Laburbirari buruzko informazioa: http://topagunea.eus/laburbira/

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak