Siriako errefuxiatuei laguntzeko kanpaina berria aurkeztuko du Hotz Bergara taldeak zapatuan Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 16a, 09:53

Errefuxiatuen aldeko zozketarako kirolariek emandako zenbait material.

Hainbat kirolarik emandako materiala banatzeko zozketa erraldoia egingo dute urtarrilaren 28an. Jasota material guztia erakutsiko dute zapatuko aurkezpen ekitaldian. Esker oneko hitzak besterik ez dituzte materiala eman duten kirolariendako.

Zozketarako txartelak euro bateko prezioan salduko dituzte eta lortutako dirua Siriako errefuxiatuekin Grezian lanean diharduten taldeei bidaliko diete, tartean Zaporeak proiektuari. Ekimenean hainbat taldek hartu dute parte: Hotz Bergarak, Hotz Zarautzek, Harreman Arrasateko gobernuz kanpoko erakundeak...

Oraingoan kirolariengana jo dute zozketarako materiala dohaintzan emateko dei eginez eta jasotako erantzunak zur eta lur utzi ditu. Egindako aurreikuspen guztiak gainditu dituzte: “Askotariko materiala jaso dugu: kamisetak, kirol-jertseak, zorroak, eskularruak, bainujantziak, txanoak, zapatak…  Guztira, 96 sari ditugu banatzeko. Erantzuna itzela izan da”, azaltzen du Hotz Bergarako Saioa Arantzabal elgetarrak. “Sona handiko kirolariengandik jaso dugu materiala baina baita profesionalak ez diren edo hain ospetsuak ez diren beste askorengandik ere. Guztiei eskertzen diegu bihotz bihotzez”.

Kirolariengandik jasotako erantzuna zelakoa izan den ikusita aurkezpen ekitaldia egitea erabaki dute Hotz Bergarakoek. “Material guztia ipiniko dugu ikusgai. Festa eguna izatea nahi dugu eta kafe antzokiko taberna ere zabalik izango dugu”, zehaztu du Arantzabalek.

Askotariko materiala

Esku zabalak izan dira kirolari eta kirol talde asko. Zozketarako dohaintza egin duten kirolari entzutetsuen artean aurkitzen dira Aritz Aduriz, Carlos Gurpegi, Ander Iturraspe, Markel Susaeta, Xabi Alonso, Markel Bergara, Pou anaiak, Naroa Agirre, Alex Txikon, Juanito Oiatzabal, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oñatz Bengoetxea, Aritz Aranburu, Claudio Chiapucci, Marino Lejarreta, Alejandro Valverde, Haimar Zubeldia, Ainhoa Murua…

Debagoieneko kirolariek ere erantzun bikaina eman dute eta zozketarako materiala eman dutenen artean daude Maider Unda, Alberto Iñurrategi, Oihana Kortazar, Mikel Gonzalez, Maialen Ruiz de Azua, Aitor Mendizabal, Beñat Rezusta, Markel Uriarte, Markel Irizar, Aitor Zabaleta, Josu Etxaniz eta Iñaki Olaortua.

Aurkezpen ekitaldia 13:00etan hasiko da. Kirolari guztiak daude ekitaldian parte hartzera gonbidatuta.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak