20 milioitik gorako irabaziekin itxiko ditu Bidegik 2016ko kontuak

Leire Kortabarria 2016ko aza. 11a, 14:01
Aintzane Oiarbideren agerraldia Bidegiren balantzea azaltzeko.

Bide Azpiegituretarako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak legealdiko lehen urteko Bidegiren balantze ekonomiko finantzarioa aurkeztu dute. Horren arabera, urtea 20 milioitik gorako irabaziekin itxiko du. Datorren urteko "lehentasunen" artean aipatu ditu Oiarbidek GI-632ko obrak.

Oiarbidek adierazi duenez, 2016rako Bilduren gobernuak egiten zituen “iragarpen katastrofistak” ez dira inolaz bete. “Bidegiren kontuen irakurketa interesatua egin zuten gure kudeaketa desitxuratu nahian. 2016an Bidegi kiebra egoeran egongo zela iragartzen zuen Larraitz Ugartek, baina datuek garbi uzten dute ez dela horrelakorik gertatuko”. 20 milioi horiek berrikuntzak egiteko, mantenurako eta egindako errepideak ordaintzeko direla zehaztu du Oiarbidek.

Legealdiko lehendabiziko urtearen egoera ekonomiko-finantzarioa aurkezterakoan, kudeaketa ona azpimarratu du Bide Azpiegitura diputatuak: “Lehendabizi egin genuena, egoeraren diagnosia izan zen. Beraien auditoriak aztertu, eta ondorioztatu genuen Bidegik ez zuela inolako arazo ekonomiko finantzariorik zorrari aurre egiteko. Ondoren etorri zen bankuekin harremana berreskuratzea eta CAPEXa uniformatzea, urtetik urtera alde handiegirik izan ez dezan”. Alfredo Etxeberria Bidegiko zuzendari nagusiak gehitu duenez “bankuek ezarrita zuten zorraren zerbitzuaren ratio estaldura beti bete da. 1’1en gainetik egotea eskatzen dute eta kreditua eskatu zen urtetik, baldintza hori bete da. Aurten adibidez, 1,39an gaude eta datozen urteetako aurreikuspenak ere maila horretatik oso gorakoak dira”.

%3,8 zirkulazio gehiago

Trafiko datuei dagokionez, 2015arekin alderatuta, eta iraileko datuak kontuan hartua, urtea amaitzerako, gutxienez, %3,8ko igoera aurreikusten da.

Oiarbidek azpimarratu duenez, “Bidegi gaitasun handiko errepideak egin eta kudeatzeko sortu zen, eta Foru Sozietate honi esker, errepide sare moderno eta eredugarria dauka egun Gipuzkoak. Aldundiak ezingo zukeen sare hori egin bere baliabideekin. Beraz, Bidegi oso garrantzitsua da Aldundiarentzat, eta erakutsi du errepideak kudeatzeko sistema eredugarria dela, Europa mailan”.

Deskontuen sistema ere aipatu dute. Iaz, Abiatu zeukaten gipuzkoarrei 18,5 milioi euro itzuli bazitzaien, 2016an aurreikusten da 21 milioitik gora itzuliko zaiela, Abiaturen erabiltzaileek ordaintzen dutenaren %67.

N-1eko ordain-saria eta Antzuola-Bergara bideko obra.

Datorren urtean, Bidegiren kudeaketa alorra eta eskumenak zabaldu egingo dira eta N-1 errepideko ibilgailu astunen ordain-saria kudeatzeaz eta GI-632 (Antzuola-Bergara) errepideko obra eraikitzeaz  arduratuko da sozietate publikoa. “Bidegi ereduan sinesten dugu; eta horren erakusgarri da gure departamentuak proiektu estrategikoak bere esku utzi dituela”, azpimarratu du Bide Azpiegituretarako arduradunak. Amaitu du esanez, Bidegik erakutsi dituen emaitzek argi uzten dutela “Bilduk aurreko legealdian behin eta berriz egiten zuen kontaketak ez daukala oinarri sinesgarririk. Kontaketa interesatua eta manipulatua izan da. Gainera, errealitateak eta datuek argi utzi dute kaltetu egin nahi zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak duen sozietate publiko bideragarriena eta errentagarriena”.

EH Bildu: "Bidegiren osasun ekonomikoa ahula da"

EH Bilduren esanetan, "Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016rako prestatu dituen aurrekontuetan, 10 milioi euro Bidegin injektatzea aurreikusi behar izan du kapital gehikuntza bat egiteko, foru sozietateak duen egoera finantzari kezkagarriaren ondorioz. Diru hori ez da erabiliko datorren urtean Etzegarateko peajea eraikitzeko, Foru Gobernuak esan duen bezala, 2016ko aurrekontuan ez baitago inbertsiorik aurreikusita. Beraz, Bidegiren osasun ekonomiko ahularen ondorioz, Diputazioak 10 milioi euro gutxiago izango ditu Gizarte Politikan eta gainontzeko beharretan inbertitzeko".

"Gauza bat behin eta berriro errepikatu arren ez da egia bihurtzen, eta Bidegiren egoera ekonomikoa ona dela esatea gezurra da”, erantzun du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok, eta diputatuari gogoratu dio “Foru Gobernuak aurreikusi behar izan duela 2016an 10 milioi euroko kapital gehikuntza egitea Bidegin. Horrek jan egingo ditu beste behar batzuetara bideratu zitezkeen baliabideak, adibidez, gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez egitera".

Xabier Olanok azpimarratu duenez, Bidegiko egoera ekonomikoa ez da larriagoa aurreko legealdian hartutako neurriei esker. Alde batetik, Bidelanekin sinatutako akordioagatik 17 milioi euro aurreztu zirelako, eta bestetik, iruzurraren aurkako neurriengatik. "Eta hori ez du EH Bilduk esaten, baizik eta Foru Gobernuak berak, 2016ko aurrekontuen Memorian. Bertan, hitzez hitz, esaten da: 2013ko azaroaren 26an Bidegi eta Bidelanek akordio pribatu bat sinatzen dute. Bertan, urtero gehienez ordaindu beharreko kantitateak zehazten dira. Akordio honek Bidegiri 17 Mio. Eroko aurrezpena suposatzen dio 2013-2018 epean; eta 2015ean zehar iruzurraren aurka aurrera eramandako jarduerak, kanonagatiko diru-sarreren berreskurapena suposatu du, trafiko igoeren zenbatekoaren hainekoa”.

EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok gogoratu du aurreko gobernuak 2011n bertan iragarri zuela Bidegik 2015etik aurrera arazo larria izango zuela 900 milioi euroko zorrari aurre egiteko. "Zulo horren jatorri dira obretan egondako gainkostuak (300 milioi) eta kreditu kontratua sinatzerako orduan ezarri ziren zirkulazio handitzeen aurreikuspen neurrigabeak", esan du.

Egoera "larria" izan arren, EH Bilduren esanetan, "aurreko legealdian ikusi ahal izan genuen Bidegi erantzukizunez kudeatu ahal dela. Kudeaketa garbia egin zen, diru publikoarekin arduratsua. Obretako gainkostu esajeratuak ekidin ziren eta ez zen sinatu kontratu blindatu neurrigabekorik, EAJren garaian egin zen bezala”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak