Behobia-Donostia probak hazteari utzi egin dio

Xabier Urtzelai 2016ko aza. 11a, 12:48

Donostiako Boulebarrak korrikalari uholdea hartuko du, beste behin, domeka goizean. goiena

Domekan 500 debagoiendar inguruk hartuko dute esku Behobia-Donostia lasterketan –iaz 481 iritsi ziren helmugara–. Azken hamar urteotan lehenengo aldiz 4.000 dortsal inguru erretiratu egin behar izan dituzte antolatzaileek. 

Dena dago gertu askorendako urteko kirol erronka izango dena hasteko. Domekan 10:00etan korrikalari azkarrenak lanean hasiko dira Behobian –patinatzaileak ordu erdi lehenago– eta multzoka banatuta 31.000 lagun pasa abiatuko dira Behobiatik Donostiako Boulebarrera. Aurtengoan, baina, maratoi erdi ezagunak hazteari utzi dio, 4.000 dortsal inguru banatu barik utzi dituzte-eta. 

Motiboak aztertzen 

Askok prezio altuari (45 euro) egotzi diote beherakada, baina iazko prezioa berbera zen. Fortuna taldeko antolatzaileek emandako arrazoien artean, berriz, demografikoki zahartzen dabilen lasterketa da Behobia-Donostia.Hau da, lehen, ehunekotan, 36-40 urte bitartekoa zen korrikalari kopuru altuena, eta orain 41-46 urtekoak dira; gazteak, horrenbestez, ez daude horren interesatuta –edo ez daude prezio hori ordaintzeko gertu–.  Baliteke, baita ere, iazko gertaerek eragina izatea, bero handia egin zuen eta gazte bat hil egin zen helmuga zeharkatutakoan. Aurten beroa ez da arazo izango. 

Yeray Varela aurrean ibiliko da 

Emakumezkoetan azken urteotan bailarako neska azkarrenaren sari sinbolikoak aurpegi asko izan ditu: Nere Arregi, Oihana Kortazar, Saioa Arkonada... Gizonezkoetan, berriz, 2011n Ritxar Fernandez izan zen ibarreko azkarrena –berea da markarik onena, 1.01.40–, baina ordutik beste oñatiar batek hartu dio erreleboa, Yeray Varelak. Eta, domekan irteera puntuan izango da: “Sasoian egoteko goiz da oraindik, urtero pasatzen zaigu gauza bera. Entrenamenduak martxa onean daramatzagu, eta Behobia-Donostia entrenamendu ona da, baina urteko helburuak aurrerago ditugu. Ekainera arte luzatzen dut denboraldia, eta ezin naiz azaroan topera egon”. 

Goiena ere Boulebarrean izango da

Urtero moduan, Goienak ez du hitzorduan kale egingo, eta astelehenean, Harmailatik saioan (22:00) bailarako ordezkarien jarraipena egingo da. Helmugan jarri aurpegi ona, horrenbestez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak