Jose Luis Martinez Peña: "Wolframioak berriz batu ditu Euskadi eta Suedia"

ESS Bilbao-ko zuzendari exekutiboa da. Elhuyar anaiek herrialde harekin lotura izan zutelako dio hori, eta Bergaran isolatutako materialak baduelako zeresanik Lund-go neutroi iturriaren instalazioan. Hitzaldia egingo du bihar Laboratorium museoan (19:15), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien barruan.

Azken ekintzetan dira Bergarako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak. Enpresentzako barnetegi teknologikoa jasotzen du biharko egitarauak, eta baita espalazio bidezko neutroi iturriaren Europako proiektuaren (ESS) gaineko hitzaldia ere.
Ahalik eta era ulerterrazenean azalduta, zertan datza ESS deritzon proiektua?
Europa mailako instalazio zientifikoa da, neutroi-sortak emango dituen iturri bat. Neutroi hauek balio dute eguneroko bizitzan erabiltzen diren materialen osaketa eta ezaugarriak ikertzeko eta aztertzeko; adibidez, energiaren, garraioaren, elektronikaren edo osasunaren alorretakoak. Neutroiak dira zundarik egokienak materialen barnealdea eta portaera ikertzeko, X izpiek gorputzeko zati gogorrak, hezurrak, agertzen dizkiguten antzera.  
Eta zer lortu ahal izango da, adibide zehatzetara jota, proiektu honi esker?
Bada, adibidez, aztertu ahal izango da nola abiadura handiko tren baten gurpilen propietate mekanikoak aldatzen doazen erabili ahala. Hau da, erabilerarekin pilatutako tentsio mekanikoak ekar dezake trenaren gurpilen prestazioak okertzea. Tentsio horien neutroien azterketarekin aurreikusi ahal izango da gurpilek zenbat denbora iraungo duten egoerarik onenean, eta, ondorioz, programatu ahal izango da noiz aldatu, segurtasuna handituz. Bestetik, hegazkinetan erabiltzen diren material arinei dagokienez, arazoetako bat izaten da material horien bategitea, soldatzea, eta soldatutako zonalde horiek propietate mekanikoei euts diezaietela eskakizun handiko egoeretan. Neutroi bidezko teknikek aluminio aleazio arinen soldatze prozesuak azter ditzakete tentsioak ahal beste murriztu eta prestazioak hobetzeko. Honela, egungo hegazkinetan pisutsuak diren hainbat elementu arinagoengatik ordezkatu ahal izango dira, prestazio mekanikoetan galerarik izan gabe. Pisua txikituta, erregai gutxiago beharko du hegazkinak, eta CO2 aztarna txikiagoa izango du. Edo, elikaduran, aztertu ahal izango da ze portaera duten proteinek zenbait elikagaitan, ahalik eta prestazio onenak lortzeko kontsumitzen duenarentzat –esne-gain harrotua, moussea...–.
Pisu handiko proiektua da, beraz.
Bai. Munduko neutroi iturri garrantzitsuena bihurtuko da. Teknika zientifiko hauetan mun du mailako lider da, gaur egun, Europa, eta ESSa eraikita, aurreikus dezakegu hala jarraituko duela hurrengo hiru hamarkadetan. Europako hamabost herrialde eta 100 bat erakunde ari gara honetan, eta 1.883 milioi euroko proiektua da.
Proiektuko instalazio nagusia Bilbora ekartzeko aukera galdu eta gero, ESS Bilbaok egitasmo honetan izango duen parte-hartze mailarekin pozik zaudete? Zer ekarriko du EAErako?
ESS partzuergoko bazkide izango gara, eta esango nuke gustura gaudela ESS Bilbaon diseinatu eta fabrikatuko ditugun elementuekin. Estatuko administrazio orokorra eta Eusko Jaurlaritza ditugu tartean, eta proiektuan izango dugun parte-hartzea izango da osoaren %5. %5 honetatik %4 izango da ekipamenduan egingo dugun ekarpena, eta soilik %1 dirutan egindakoa. Euskadin, hainbat industria sektoretan –mekanikoa, elektrikoa, potentzia elektronikoa edo prozesu kontrolen ingeniaritza– trakzio-efektua izaten ari da. Honez gain, garrantzi honetako proiektu batean parte hartzeak industria sektorearentzat dakar alderdi teknologikoan gaitzeko erronka, eta horrek eragin positiboa izango du etorkizuneko proiektuetan parte hartzeko.
Gaurko hitzaldiko izenburuak dio ...Bergara 1783tik Lund 2018ra. Ze garrantzi du 1783an wolframioa deskubritu izanak –Bergaran– gaur egungo proiektuotarako.
Duen garrantzia da hiru mende geroago wolframioak berriz batu dituela Euskadi eta Suedia. Orduan, Suediako ikerketen ondotik egin zuten Elhuyar anaiek aurkikuntza, eta gaur material hori bueltan doa Suediara, neutroien Europako iturriaren instalazioaren zati inportante baten material nagusia bihurtzeko. Wolframioarekin egina egongo da itu-gurpil deritzona; bertan egiten dute talka protoiek, eta bertatik isurtzen dira neutroiak.  
Eta wolframiozko pieza bat eman duzue gainera Bergararako.
Bai. Wolframioa erabiltzen da neutroien produkziorako propietate mekaniko onak dituen metal astuna delako; ez da erraz deformatzen. Bergararako emandako pieza da kalitate goreneko wolframiozkoa, ESSaren itu-gurpila ekoizteko erosi beharko ditugun 7.000 piezen antzerakoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.