Neguko Bidezaintza Plana aktibatzeko gertu dago Gipuzkoa

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 10a, 12:40

Aurtengo kanpainak hainbat berritasun izango ditu, hala nola eskualdekako aurreikuspen meteorologikorako sistema bat edo gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016-2017 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du. Aurten, urtero bezala, azaroaren 15ean aktibatuko da, eta apirilaren 15era arte egongo da indarrean. Kanpainak aurten dakartzan berritasunen artean dago eskualdekako aurreikuspen meteorologikorako sistema bat. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek esan du “baliabideak optimizatzeaz gain”, sistema horrek “osatu” egingo duela EUSKALMETen eguraldi iragarpena. “Sistema berria eskala txikiagoko eredu batean oinarritzen da, errepideetan dauden estazio meteorologikoetatik ateratzen baititu datuak.
Horrela, eskualdekako informazioa eskuratu dezakegu, denborarekiko zehatzagoa”, adierazi du Oiarbidek.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat du orain. Ekipo horrek bikoiztu egiten du elurra kentzeko kamioien karga ahalmena eta, gainera, zisterna kamioiak kargatzeko aukera ere ematen du, ondoren Gipuzkoa osoan zabalduta dauden 38 biltegiak hornitzeko.

2,5 milioi euroko aurrekontuarekin, Neguko Bidezaintza Planak elurra kentzeko 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz izango ditu. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak garabiak jarriko ditu N-1 eta A-15 errepideetan. Ahalmen handiko garabi horiek erabiliko dira ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero edo arazoren bat izanez gero. Giza baliabideei dagokienez, langile kopurua elur kotaren araberakoa izango da. Elur kota itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru aktibatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak