Antzuola-Bergara egitera bideratuko da departamentuko aurrekontuaren laurdena

Leire Kortabarria 2016ko aza. 8a, 15:38
Antzuola-Bergara obrak bisitatzen.

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek 2017ko aurrekontuak aurkeztu ditu Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean. Iazkoarekin parekatuta, Oiarbidek gidatzen duen departamentuak %15,39ko igoera izango du, hau da, 89.412.404 €-ko aurrekontua. Izan ere, Antzuola-Bergara errepidea eraikitzen hasiko da datorren urtean eta ia 22 milioi euro zuzenduko dira horretara.

“Antzuola-Bergara legealdi honetako proiektu estrategiko bat da eta Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko falta den zati horren eraikuntza lanak, aurreikusita zeuden modura, 2017ko urtarrilean hasiko dira”, azpimarratu du Oiarbidek. “Horiek izango dira departamentu honek datorren urterako jarri dituen erronka nagusienak: Antzuola-Bergara errepidea eta Gipuzkoako errepide sarea egoera hoberenean mantentzea”, gehitu du.

Hala ere, errepideen artapenak eramango du departamentuko aurrekontuaren zati nagusia eta 58.570.068 € bideratuko dira errepideen mantenura. Diputatuak adierazi duenez, “garrantzi berezia” eta “lehentasuna” emango zaio errepideen artapenari eta zaintzari.

2016an sortu zen presako inbertsioak, prebentzioa eta konponketak egiteko programak %20,78ko igoera izan du eta, datorren urtean, 13.550.449 € izango ditu zoruen birgaipenerako, lauguneen hobekuntzarako edo zarataren kontrako jardueretarako. Besteak beste, programa honen bidez, Beasain eta Ordizian pantaila akustikoak jartzea dago aurreikusita.

Aipagarria da, baita ere, eraginkortasun energetikoan inbertsioak egiten jarraituko duela Bide Azpiegituretako Departamentuak, eta 2017an 2,5 milioi euro bideratuko ditu N-1eko Tolosa-Lasarte artean argiteria eta kableatuak aldatu eta egokitzen.

Beste bi ekintza Debagoienean

Errepideen eraikuntza eta hobekuntzekin ere jarraituko du Bide Azpiegituretako Departamentuak eta datorren urterako Soraluzeko, Arrasateko (Lana), Aretxabaletako eta Amuteko biribilguneak egitea aurreikusten da. Horrez gain, Deba-Mutriku proiektua idazten amaitzea eta Azkoitia-Urretxu proiektuaren aurreneko fasea idazten hastea ere jasoko dira 2017ko Bide Azpiegituretako Departamentuaren aurrekontuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak