Demokraten eta errepublikanoen arteko zatiketa gero eta handiagoa

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 8a, 09:51

Hauteskundeak dituzte gaur AEBetan. Alderdi demokratako Hillary Clinton eta alderdi errepublikanoko Donald Trump, aurrez aurre, Etxe Zurirako bidean. Ameriketako Estatu Batuetan dauden bi debagoiendarren iritzia batu du Goienak.

Oihana Iriondo: "Nire ustez Clintonek irabaziko ditu hauteskundeak"

Oihana Iriondo oñatiarra Los Angelesen bizi da.

Egun garrantzitsua gaurkoa AEBetan. Azken urteetako hauteskunderik garrantzitsuenak dira?

Hala esaten dute bai. Hainbat arlotan demokraten eta errepublikanoen arteko zatiketa gero eta handiagoa da eta horregatik, segun eta nork irabazten duen, herrialdeak norabide desberdina hartuko duela espero da. Horrez gain, Trumpek gizarteko sektore desberdinekiko erakutsi duen jarrera mespretxuzkoaren aurrean erantzun beharra eta hurrengo presidenteak auzitegi goreneko bederatzigarren epailea hautatu ahal izateak duen garrantzia aipatzen dute behin eta berriz.

Zer uste duzu gertatuko dela?

Nire ustez Clintonek irabaziko ditu hauteskundeak, baina ez dut argi erraz edo justu-justu ibiliko ote den.

Nola bizi izan dituzue hauteskunde aurreko egunak?

Bi sentipen gailentzen dira. Alde batetik, hau guztia behingoz bukatzeko gogoa, primarioen eta hauteskundeen artean urtebete baino gehiago daramagu-eta hauteskunde kanpaina giroan. Eta, bestetik, Trump bezalako pertsonaia bat jasotzen ari den babesaren aurrean harridura eta ezinegona.

Borroka gogorra dago bi hautagai nagusien artean. Kalean ere nabari da borroka hori? Zatituta daude AEBak?

Zatiketa handia dago herrialde osoa kontuan hartzen badugu. Baina ni Kalifornian bizi naiz, eta Kalifornian demokratek askoz indar handiagoa dute errepublikanoek baino, eta Clintonek erraz irabaziko duela espero da. Nire ingurukoek, guztiek dute Clintonen alde bozkatzeko asmoa, batzuek konbentzituta, eta beste batzuek balizko Trumpen agintaldi bati dioten beldurragatik.
 

Asier Barrainkua: "Ez nuke esango hemen Trumpen beldur direnik"

Asier Barrainkua aretxabaletarra, Ulma Packaging ingeniaria, Chicagon dago egun hauetan, lana dela-eta.
 
 
Chicagon zaude lana dela-eta. Zerbait berezia sumatzen da inguruan, hauteskundeak direla-eta? Segurtasun aldetik aldea nabaritu duzu?
 
Egia esan ez da ezer berezirik sumatzen. Egun hauetan Chicagon gaude, urtero etortzen gara feriara eta beste urte batzuekin konparatuta berdin dago kalea. Aurreko egunetan Wiskonsinetik ibili gara eta han ere ez dugu ezer berezirik ikusi. Kaleetan adibidez ez da ia publizitaterik ikusten.
 
Urduri daude estatubatuarrak? Mobilizazio gehiago edo antzematen da kaleetan?
 
Orokorrean nahiko lasai ikusten ditut bertokoak. Gure inguruan dauden estatubatuarrek ez dute gehiegi gai horretaz hitz egiten. Hala ere, galdetuz gero erantzuten dute baina lasai, euren iritzia ematen dute eta egoeraz hitz egin ere. Oñatitik zortzi lagun etorri gara egun eta leku desberdinetara eta ez dugu mobilizaziorik ikusi. Orain dela hilabete batzuk bai ikusi izan dugu Trumpen aurkako manifestazioak baina azken bi aste hauetan ez.
 
Trump irteteko beldur hori... AEBetan ere ikusten den zerbait da edo beste herrialdeetatik bakarrik antzematen da? Jendeak beldur dio?
 
Ez nuke esango hemen Trumpen beldur direnik. Ikusi dudanagatik, bi hautagaiek irudi ez nahiko ona dute: bata, betiko politika zaharra eta sinesgarritasun falta agertzen duena (Hillary Clinton) eta bestea xelebrea (Donald Trump). Trumpen mezua hemen oso potentea da. Nire ondorioa, bi aukera txarren arteko hautaketa dela eta horregatik ez dira hain termino absolutuetan ikusten gurean agertzen den bezala, gehien bat Trumpen ingurukoak erakutsiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak