Maider Undak agur txapelketei

Eneko Azkarate 2016ko aza. 7a, 12:50
Maider Undak 2012ko Londoneko Joko Olinpikoetan lortu zuen brontzezko domina.

Maider Undak (Oleta, Aramaio, 1977) borroka librean lehiatzeari utzi eta agur esango dio eguaztenean, ofizialki, hedabideen aurrean, kirol ibilbide oparoari. Aramaioarrak hiru hamarkada eskaini dizkio borrokari eta kirol honetan mundu mailako onenen artean izan da 2001 urtetik. Euskal Herri eta Espainia mailan ez da haren parekorik izan, nagusitasuna erabatekoa izan da borroka librean.

Kiroleko lorpenen artean, azpimarragarriak dira, batez ere, Joko Olinpikoetakoak: 2012an, Londonek, brontzezko domina (kirol honetan estatu mailan erdietsitako sailkapenik onena) lortu zuen; eta 2008an, Beijing-en, bosgarren postua eta diploma.

Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen, eta 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan, eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan brontzezkoak.

Maider Unda Basque Teamekin urte gehien daramatzan kirolarietako bat da. Sorreratik, 2008. urtetik, egon da fundazioari lotuta.

Aurtengo Rioko Joko Olinpikoetarako txartelik ez zuen lortu, horretarako jo eta su ahalegindu arren. 2016ko Europako Txapelketan izandako lesio batek zaildu egin zuen hasierako helburua. Istanbuleko aurtengo munduko txapelketan ere urrun geratu zen helburu hori lortzetik.

Oletako baserriko lanetan eta borroka libreko eskoletan ematen du lan jarduna gaur egun.

Esan bezala, eguaztenean iragarriko du ofizialki agurra eta arrazoiak. Horretarako, prentsaurrekoa deitu du Basque Time fundazioak. Undak ondoan izango ditu agerraldian Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Jon Redondo Gazteria eta Kirol zuzendaria; Olatz Legarza Basque Team, Euskadi Kirola Fundazioaren koordinatzailea, eta Luis Crespo kirol-prestatzailea. Borrokako gorengo mailari ia bi hamarkada eskaini eta gero erretiroa hartzera doala iragarriko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak