Elkarhezitzen eta Mundukide erakundeek antolaturiko jardunaldia da, pobrezia murrizteko eta elikadura burujabetza lortzeko nekazaritza familiarraren garrantziaz ohartaraztea helburutzat duena. Modu horretan, gaur egungo nekazaritza ereduen inguruan hausnartuko da; horretarako, familia nekazaritza eta agroindustriaren artean ematen diren aldeak eta Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeetan ematen diren desorekak jorratuko dira, ondoren horien zergatiak azaleratuz.
UNAC eta Baserria XXI protagonista
Lehen hitzaldia Eskoriatzako Ibarraundi museoan eskainiko da hilaren 8an, 18:30ean hasita. Familia nekazaritzarekin mundua elikatu dezakegu izenpean, Mozambikeko UNAC elkarteko lehendakari den Ana Paula Tauacale izango da hizlaria. UNAC nekazari mugimendu bat da, Mozambikeko garapen prozesuan nekazarien parte hartze aktiboa bermatzeko borrokatzen duena.
Beste hitzaldia Arrasateko Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da, azaroaren 14an 19:00etan hasita. Bertan, Ana Paula Tauacalerekin batera, elikadura burujabetza aldarrikatzen duen Baserria XXI mugimenduko Ana Gorosabel eta Nere Aspiazu egongo dira. Hitzaldia Mozambike eta Euskal Herriko bizipenak partekatzen izenpean egingo da.