Imanol Lasa foru bozeramaileak jakinarazitakoaren arabera, martitzenetik, azaroaren 8tik aurrera ekingo die kontaktuei. Egun horretan Ogasuneko Batzordea egingo da, eta bertan, “diputatu guztiek departamentu bakoitzeko diru atal, estrategia eta planen xehetasunen berri emango diete batzarkide taldeei, eta zalantza eta galderak erantzungo dituzte”.
Martitzenean ere, 2017ko Aurrekontu Orokorren Foru-Arau proiektua departamentuz departamentu zertan den berri emango dute Aldundiko arduradunek Batzar Nagusietan.
Foru Gobernuaren aurrekontu proiektuak iaz baino 19,3 milioi gehiago bideratzen ditu Gizarte Politiketara, mendekotasunaren laguntzak, Kabia proiektua, egoitzetako plazen kopuru handitzea, edota Elkar-Ekin plana indartzeko. Alor honek hartuko du aurrekontuaren hazkundearen %75; biztanleko gastua gizarte zerbitzuetan 508 eurokoa izango da, aurtengoa baino ia 30 euro gehiago.
Aurrekontu Irekien gaineko memoria
Ogasun Batzordeak abenduaren 16an egingo dio aurre Aurrekontuen Foru Arauaren irizpenari, eta 23an onartzeko Osoko Bilkura izango da. Hori horrela, datorren urteko aurrekontuak prest edukiko ditu Gipuzkoak Gabonak baino lehen.
Tartean, Aurrekontu Irekien programa parte-hartzailearen bitartez herritarrek egindako proposamenak batzen dituen memoria prestatzen dabil Foru Aldundia, onartu diren eta baztertu diren proposamenen gaineko erabakien eta horretarako arrazoien berri emanez. Debagoienean hiru egunean egon zen Aldundiaren karpa ibiltaria, Imanol Lasa foru diputatua buru zela, eta herritarren ekarpenak jaso zituen; baita Internet eta posta bidez ere.