"Existitzen ez den euskal ongizate eta oparotasun oasia saldu" nahi digute

Podemos-Ahal Duguren Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldearen ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, "apustu sendoa" egin behar du Foru aurrekontuan Gizarte politikak bultzatzeko. Izan ere, dio, "txirotasuna eta bazterketa soziala errealitate" dira, batzuek "beste errealitate bat erakutsi" nahi badute ere. Hala, dio, batzuek, "existitzen ez den euskal ongizate eta oparotasun oasia saldu" nahi dutela.

Podemos-Ahal Duguk gogora ekarri du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua 2017rako 838 milioikoa dela eta, horietatik, 58,9 finantzazio kargari dagokiela eta 779 milioi sail ezberdinen kudeaketari. Eta, azpimarratu du, horien artean nabarmentzen direla bide-azpiegiturak eta ingurumena ("errauste planta").

Gogoratu du 779 milioi horien artean daudela 363.629.151 euro Gizarte politiketarako, hau da, aurrekontu osoaren % 46,67, eta, ondorioz, 2016ko Foru aurrekontuetan baino "pisu txikiagoa" duela Gizarte politiketara bideratzen den partida.

Podemos-Ahal Duguk gogoratu du, "oraindik asko" geratzen dela denok, krisitik, "modu duinean" ateratzeko eta, horregatik, Gizarte politiketan "ahalegin handiagoa" egin beharko litzatekeela.

Horretarako, Podemos-Ahal Duguk proposatu du gizarte alorreko inbertsioak lehenestea, iruzurgile handien aurka aritzea eta diru sarrera errealistetan oinarritutako aurreikuspenak egitea.

Bukatzeko, esan du "tristea" dela diru sarreren aurreikuspena lan errentetan oinarritzea eta ez enpresen irabazietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.