Krabelinaitzera korrika igotzeko aukera, domekan

Korrikalariak Antzuolako 8 Miliak lasterketako une baten, 2014an. goiena

Mendi lasterketen boom-a ez dago gelditzerik. Eta, domekatik aurrera hitzordu bat gehiago gehitu beharko da Debagoieneko mendi lasterketen egutegira. Osintxuko ziklo-krosak auzoan utzi zuen hutsunea betetzera dator domekan (10:00) egingo duten Osintxuko mendi lasterketak; Ibilbideko zati batek, gainera, ziklo-krosa egiten zuten zirkuituarekin bat egingo du.

Ez da, baina, Bergaran egingo duten lehen mendi lasterketa, izan ere, badira urte batzuk bergararrek urtea San Silbestre Trail lasterketarekin agurtzen dutena. Aloñako Igoera edo Arrasate-Udalatx lasterketek ez moduan –horiek entrenamendu zorrotzagoa eskatzen dute– Osintxukoak San Silbetre Trailen ezaugarri antzerakoak ditu: 10 kilometroko ibilbidea, eta 500 metro pasatxoko desnibel positiboa.

Zirkuitua, auzo inguruan 

Probaren lehen zatian atletek Krabelinaitzera igoko dute, eta auzora jaitsi ostean zubia gurutzatu eta ziklo-kros proba egiten zuten zirkuituan egingo dituzte azken kilometroak korrika. Izenematea –8 euro– internetez egin daiteke (kirolprobak.com) egubakoitz iluntzera arte (21:00), eta dortsalik soberan balego, domeka goizean jarriko dituzte salgai. Irteeran guztira 160 lagun onartuko dituzte.

Markel Fernandez: "Zirkuitu polita geratu da, aurrekoek azkar egingo dute korrika"

Lehenengoz antolatuko dute Osintxun mendi lasterketa, eta halako probetan askotan parte hartu duen Markel Fernandez dabil antolatzaile lanetan. Zalantza du, baina domekan korrika egiteko zapatilak jantziko ditu, seguru.

Nondik sortu da Osintxun mendi lasterketa antolatzeko ideia? 

Lagun artean aspaldidanik buruan izan dugun gaia da hau, eta, azkenean errealitate bilakatu dena. Lagun askoren laguntza izan dugu, batzuk basoa txukuntzen ibili dira, errepidean korrikan ibiltzen direnak ere animatu dira laguntzera... Domekarako boluntario koadrila polita batu dugu, eta ikusten da auzoan lanerako gertu dagoela jendea. Oso pozgarria izan da hori ikustea.

Non egon da lan handiena? 

Ibilbidea txukuntzen, esango nuke. Lehengo bide zaharrak erabiliko ditugu, erabat itxita zeudenak. Sasi-garbitzeko makinarekin lan handia egin behar izan dugu, eta zirkuitu oso polita geratu dela esango nuke, azkarra. Aurretik joaten direnak motoen pare ibiliko dira, seguru.

Herri mailako atletek egiteko moduko lasterketa antolatu gura izan duzue. 

Mendi lasterketa askotan egondakoak gara, eta asko ez dira aproposak korrika egiteko, teknikoak direlako. Osintxun ahalegindu gara edonork egiteko moduko lasterketa antolatzen, pausoa ondo emateko moduko pistak aukeratu ditugu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.