Hizkuntza gutxituen arteko esperientzia trukea

Hego Amerikako eta Afrikako hizkuntza gutxituetako ordezkariak, Goienan.

Bederatzi hizkuntza komunitatetako ordezkarik Goiena Komunikazio Taldea bisitatu dute goizean. Ekuador, Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia… moduko herrialdetatik bertaratu dira, Garabide Elkartearen eskutik, eurek azpimarratutako moduan, gugandik ikastera, "hizkuntza dinamiko eta bizia duzuenongandik". Irailaz geroztik daude Debagoienean eta abendura arte izango dira. 

"Gure hizkuntza gutxitua da, baina eutsi egiten dio eta bizitzea behar du". Hala adierazi du maya yukateko hizkuntzari buruz Mexikotik Debagoienera etorri den ordezkarietako batek.

Horren adierazle, maya yukateko hizkuntzan irakurritako poema bat oparitu digu Goienakooi, bere arbasoek transmititutakoa, euren herriko sustraietatik eratorritakoa, "naturak ematen dituen seinaleen irakurketari buruzkoa" (…) "zuendako oparitxo txiki bat, berbaz, ahotsez eta izpirituz", azpimarratu duen moduan.

Hemen ikasitakoa, han aplikatzeko

Hego Amerikako zortzi komunitateko ordezkariak eta Afrikako bat izan dira, hain zuzen ere, Goiena Komunikazio Taldearen esperientzia bertatik bertara ezagutzen, ondoren, gurean ikasitakotik ahalik eta gehien nork bere herrialdera eramateko asmoarekin, bertako hizkuntza gutxitua biziberritzen edo bizirauten laguntzeko bide horretan baliatzeko.

Goiena bisitatu duten moduan, Debagoieneko beste hainbat enpresa, ekimen, esperientzia ere ezagutzen dabiltza eta ezagutuko dituzte datozen hiru hilabeteotan. Gaur, besteak beste, Arantzazun ere izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.