Honen guztiaren berri emateko, gutun bidalketa kanpaina jarri du gaur abian Ogasunak.
Komunikazio kanpainak eduki eta asmo informatiboa du. Bertan, katastroan higiezin jakin bati buruzko dauden datuen berri emango zaio jabeari eta Aldundiak kalkulatu duen katastro-balioa. Gainera, Ogasunari hala jakinarazi dioten udalerrietan, 2017rako udaletxeak aurreikusten duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) tipoa eta, honen ondorioz, ordaindu beharreko kuota ere agertuko dira. Informazio gehiago nahi izanez gero udaletxera, katastroaren bulegora edota Ogasunaren lurralde bulegoetara jo daiteke. Higiezinaren balio berriarekin ados ez egonez gero, berriz, zergadunak errekurtso edo erreklamazioa aurkezterik izango du, abenduaren 1 eta 30aren artean.
Gipuzkoako katastroa lurraldeko hirilurreko higiezinen balioa jasotzen duen administrazio erregistroa da eta jasotzen duen balio horren gain ezartzen da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ). Beste hainbat zergatan ere, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ) edota Ondare Eskualdatzeen gaineko Zergan (OEA) kasu, ondasun higiezinen balioa zehazteko erabiltzen da. Erregistro hau berritzeko lurralde mailako merkatu ikerketa burutu du Aldundiak, hau da, azken urteetan egin diren banku tasazio eta benetako salerosketen azterketa ariketa, eta helburua katastro-balioak merkatu errealera egokitzea da.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (IBI) eragina izango du
2017ko urtarrilaren 1ean jarriko da katastro eguneratua indarrean, eta honek eragina izango du higiezinen jabeek ordaintzen duten Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, udalen finantzaketarako oinarrizko erreminta. Araudia ezartzeko eskumena Gipuzkoako Batzar Nagusiek dute, baina zergaren kudeaketa udalerriek daramate, eta azken hauek dira tasak ezartzen dituztenak. Legediak tasa maximo batzuk ezartzen ditu: %0,4 arte hiritarra orokorra, eta %0,6 arte hiritarra industriala. Horra bitarte, udalei dagokie zenbatekoa zehaztea.