ELAko Hezkuntza saileko ordezkariek azaltzen dutenez, deialdia egin da "aurten Lomce legea bere osotasunean ezartzen" delako; progresiboki joan da ezartzen, eta aurten, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako errebalidekin, neurri guztiak ezarriko dira. Errebalidek titulua lortzea baldintzatuko dute, hau da, errebalidak gainditu ezean, ikasleak ezingo du DBHko edo Batxilergoko titulua eskuratu; aurten, proba gisa, baldintza hori gabe aplikatuko da.
Heziberri, "Lomceren euskal mozorroa"
Deitzaileek, era berean, aurkakotasuna agertuko dute Eusko Jaurlaritzak egin duen Heziberri proiektuarekiko: "Lomceren euskal mozorroa besterik ez da, eta Lomce osotasunean aplikatzea ahalbidetzen du", esan dute ELAko ordezkariek.
Hirugarren arrazoia da "azken urteotan ezartzen ari diren murrizketak".
Ikastetxe bakoitzean lehen orduan egiteko ordu beteko lanuztea eta elkarretaratzea deitu dute. 18:00etan, lau hiriburuetan kale-agerraldiak egingo dituzte.
Gainera, dei egiten diete gurasoei ordu horietan seme-alabak eskolara ez eroateko.