Arrasateko Emakumeen Txokotik adierazi dute elkarrizketa saio hauen helburua dela emakumeak jartzea "oholtzan, erdigunean, eremu publikoan, herrigintzako eremu ezberdinetan, egiten duten ekarpena aitortzeko eta ikustarazteko". Hala, hainbat esparrutan "mugitu diren eta mugitzen dien" emakumeak, protagonista bilakatzea da antolatzaileen asmoa.
Horretarako, elkarrizketa formatua aukeratu dute, emakume horiek beren "esperientziaren, ibilbidearen, zailtasunen, ikaspenen, hausnarketen"… berri emateko, "konfiantzazko eta gertutasunezko" giro batean.
Oraingoan, Onintza Enbeitak Anna Gabriel elkarrizketatuko du eta bien arteko elkarrizketa horren bidez emakumeen parte hartze sozial eta politikoaren gaian sakondu nahi da, antolatzaileek diotenez.
"Emakumeak politikagintzan agenda eta eztabaida feminista sartzen dutenean, kuestionatuak eta irainduak izaten dira eta jendarte patriarkalaren benetako irudia erakusten digu horrek. Horrek ze prezio dakarren emakume horiengan, nola bizi duten, ze hausnarketa egiten duten plazaratu nahi dugu saio honekin eta Onintza Enbeitak ere bizipen horiek izan dituenez, elkarrizketa interesgarria izan daitekeela pentsatzen dugu" adierazi dute Emakume Txokotik.