"Euskal Herriko udalerri euskaldunenetako 289 mediku eta pediatratik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko urr. 18a, 17:29
Argazkia: UEMA

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek agerraldia egin dute kide diren herrietako osasun-etxeetan euskararik ez dakiten mediku eta pediatren datuak emateko. Tartean Lierni Altuna Aramaioko alkatea eta Nerea Zubia Oñatiko zinegotzia izan dira.

Josu Labaka UEMAko presidenteak datu esanguratsuak eman ditu: “Guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. %25. Lautik bat, alegia. Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak: %22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko: %35″.

UEMAren lurgunea biztanleen %70a baino gehiago euskalduna duten Gipuzkoako 40 udalerrik, Bizkaiko 22k, Arabako batek eta Nafarroako 13k osatzen dute. Guztira 230.000 biztanle inguruko lurgunea da. Euskararen arnasguneak dira herri hauek, herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak.

Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekide Eneka Maizek aipatu duenez, “2013an egin zuen honelako azken azterketa UEMAk, eta ordudanik osasun-etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du”.

Gainera, eskaera zehatza egin du gaur UEMAk: “Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak