"Bi taldeon indarra defentsan dago; intentsitate handiko lehia izango da"

Xabier Urtzelai 2016ko urr. 14a, 14:01
Izarraitz Aloña Mendiko jokalari bat jaurtiketa egiteko gertu, iaz, Deustoren kontrako partiduan. | goiena

Ligako laugarren jardunaldiak ekarriko du denboraldiko lehenengo derbia (zapatua, 18:00, Zubikoa). Eta, bi taldeak sailkapenaren erdi inguruan daude, hiru partiduetatik bat galdu eta gero.

Oñatiarrek liga hasiera ona zeramaten –bi garaipen–, aste barruan Deustoren kontra 32-36 galdu duten arte; ikusteko dago taldea pare bat egunetan zelan errekuperatzen den. 

Hala, taldeko bigarren entrenatzaile Rafa Zuluetak aitortu du iaz baino presio handiagoa daukatela: "Eta lehenengo partiduan igarri genuen hori batez ere. Iaz iritsi berriak ginen eta sorpresa izan zen hasieratik aurrean ibiltzea. Aurten, berriz, aurre-denboraldian gogor egin dugu lan, liga indartsu hasteko. Gainera, bi talde ditugu senior mailan, eta horrek entrenamendu saio onak egiteko aukera ematen du. Horri esker, hasierako bi partiduetako sentsazioa ona izan da". Eta, gaineratu du gogotsu daudela derbira begira: "Iaz onenak baino koska bat beherago egon ginen, Arrasateren eta Basauriren kontrako partiduak ezin izan genituen irabazi, eta aurten hor egon gura dugu". 

Hasiera makalagoa  

Ford Mugarri Arrasateri, berriz, joan den domekan Muskizi ondo irabazi izanak (37-24) mesede egin dio, Pulporen kantxan berdindu eta Basaurin galdu eta gero liga ez dutelako iazko nagusitasunekin hasi: "Baina emaitza horiek ez dute askorik erakusten. Pulporen kontrako berdinketa azken segundotan egindako akats baten ondoren etorri zen, eta Basauriren kantxan galtzea ez da batere arraroa, iaz ere ez genien irabazi, kantxa oso gaitza delako", dio Andoni Arando Ford Mugarriko ordezkariak: "Eta kontrara, Muskizen kontrako garaipen errazak ere ez du apartekorik erakusten, taldeko hiru jokalari onenak falta zituztelako". Horrenbestez, Arandoren usten oraingo sailkapenak ez du askorik erakusten: "Lasai, hau hasi baino ez da egin". 

Derbirako, biak gogotsu 

Biharko derbirako gogoz daude bi taldeetako ordezkariak: "Bi taldeak defentsan oinarritzen gara. Arrasatekoek ez dute gure abiadura, baina beste urte batzuetako esperientzia daukate eta partidu zaila izango da", dio Zuluetak. Eta Arando bat dator, defentsan intentsitate handiko partidua izango da: "Ikusteko dago atezainen ekarpena zelakoa izango den, eta bestalde, Bernali ezin dizkiogu jaurtiketak erraztu, trabak jarri beharko dizkiogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak