Aldatzen ez dena da egubakoitzetan banatuko dela eta, orain arte moduan, doan eta etxerik etxe -jasotzeko eskaria egin dutenek-, eskualdeko herri guztietan.
"Goienaren paperekoak 16 urte betetzen ditu aurten. Urte hauetan guztietan hainbat aldaketa izan ditu, diseinuari eta edukiari dagokionean. Orain beste bat ematera goaz: nabarmenena, formatuari dagokiona. Egunkari paperean inprimatuta joango da, baina aldizkari itxura handiagoa hartuko du" dio Iban Arantzabal Goienaren zuzendari nagusiak.
Beste aldaketa garrantzitsu bat izango du, ordea: 8 orrialde gehiago izango ditu eta, honenbestez, 48 orrialdeko aldizkaria izango da. Gainera, 48 orrialde horietatik 32 koloretan izango dira, ikusgarritasunean irabaziko duelarik.
Herriak nabarmenago
Herrien atalak orrialde gehiago izango ditu. "Gertukoena, herriko albisteak, apreziatzen dute batik bat irakurleek, eta horri eman nahi izan diogu inportantzia, herriei eskaintzen diogun espazioa handituz" dio Eneko Azkarate Goienaren edukien zuzendariak. Herrien hurrenkeran ere aldaketak daude: handitik txikira beharrean, gertutasunagatik multzokatu dira. Hala, Arrasate, Aramaio, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga ageri dira lehenengo, Bergara, Antzuola eta Elgeta, ondoren, eta Oñati amaieran.
Herrietako orriez gain, atal berriak ere jasoko ditu: Plaza edo Txutxu-mutxuak, esaterako. Parte hartzeari eta herritarrei ahotsa emateari garrantzia ematen jarraituko du Goiena aldizkariak, Komunitatea, Zabalik edota Nire ustez atalen bidez, esaterako.
Bada beste elementu garrantzitsu bat Goienaren papereko berrian. Honela azaltzen du Ubane Madera Goiena papereko arduradunak: "gaiak hobeto aukeratu nahi ditugu, herritarrei benetan interesatzen zaizkienak. Hala, kazetariok ahalegin berezia egingo dugu albisteak ondo hierarkizatzeko eta duten inportantziaren arabera aurkezteko".
Apustu honekin, paperekoaren produkzioa berritu eta indartu nahi du Goienak. Izan ere, datorren astean abiatuko denari gehitu behar zaio iaztik kalean den eta Goiena Klubeko bazkideek astero etxean jasotzen duten Puntua aldizkaria.