Josu Bilbao eta Leire Kortabarria kazetariek eta Jagoba Domingo, Andoni Goiti eta Monika Montero teknikariek osatutako lantaldeak egindako erreportajea gaur, egubakoitza, argitaratzen da Goiena Klubeko bazkideek jasoko duten Puntua astekarian, eta urriaren 19an, eguaztena, emitituko du Goiena telebistak.
Birkokatzeen erronka
Erreportaje zabal horretan, hainbat inplikaturen ikuspuntuak batzen dira: bazkide ohiak, Fagor S. Coop.-eko eta Mondragon Korporazioko arduradunak, etxetresna saltzaileak, orduko eta oraingo udal agintariak, kooperatibismoan eta soziologian adituak… Orduko krisia nola bizi izan zuten entzuteaz gain, Fagor Etxetresnen itxierak eta desagertzeak eragin zituen ondorioei nola aurre egin dieten jakiteko aukera izango dute irakurleek eta ikus-entzuleek; bereziki, bazkideen birkokatzean kooperatibek arrakastaz gainditu duten erronka aztertuko da. Horrekin batera, kooperatibismoarendako krisi historiko horrek izan dituen ondorioen gaineko gogoetak ere konpartituko dituzte.