Foru Aldundia pozik azaldu da debagoiendarrek Aurrekontu Irekietan izan duten parte-hartzearekin

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasaten, Oñatin eta Bergaran aurkeztu du datorren urterako aurrekontuen prestaketarako abiarazi duen partaidetza prozesua: Aurrekontu Irekiak 2017.Balorazio ona egin du foru erakundeak: "Herritarren ekarpen ugari jaso dira eta parte-hartzea zabala izan da".

Ekimen horren bidez, 16 urtetik gorako gipuzkoarrek beraien lehentasunak zehaztu eta ekarpenak egiteko aukera dute, esku-orriak beteta ala Interneten. Debagoienean bezala, lurralde osoko beste 13 herri eta hiritan ere jarri dira informazio karpak. Parte hartzeko epea bihar, egubakoitza, itxiko da, urriaren 14an.

Debagoienean egondako hiru egunetan – joan den asteko eguenean Arrasaten, astelehenean Oñatin eta martitzenean Bergaran – herritarren ekarpen ugari jaso dira. Ekarpenok jaso, baloratu eta, kontuan hartu eta gero, aurrekontuen proposamenaren memoriarekin batera aurkeztuko dira, eta hartutako erabakiei buruzko azalpena horrekin batera. Gainera, Foru Aldundiaren esanetan, parte-hartzea zabala izan da Debagoieneko hiru herriotan, ez bakarrik karpara joandakoen artean, baita ere, ekimena aurkeztu eta ekimena sustatzeko, paraleloan antolatu diren lan-saio eta topaketetan.

Izan ere, Imanol Lasak, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, topaketa bana egin ditu Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran, partaidetza-saio bereziekin. Aretxabaletan ikasleekin elkartu zen, Arrasaten erretiratuekin eta, Bergaran azkenik, lan mundura sartzear diren gazteekin. Topaketa hauen bidez, alor konkretuetako gipuzkoarren iritzien berri jakin nahi izan du foru bozeramaileak.

Huhezin, Etxaluzen eta Miguel Altunan

Hasteko, irailaren 29an HUHEZIko Komunikazioko lehen urteko ikasleekin egin zuen lehen lan-saioa Lasak. Aurrekontuen osaketa aztertu eta gero, ikasleek Gipuzkoan ikusten dituzten lehentasunak zeintzuk diren jakinarazi zizkioten diputatuari. Gizarte alorrarekin lotutakoak izan ziren gehienak baina gazteek nabarmendu zuten Aldundiari buruzko informazio gehiago eta gertutasun handiagoaren beharra sumatzen dutela.

Hilaren 6an, eguena, Debagoieneko nagusienen ardura, lehentasun eta ekarpenak lehen eskutik entzun zituen Lasak, Etxaluze egoitzan. Foru bozeramaileak urte berrirako erakundearen asmoen berri eman zizkien erretiratuen ordezkariei. Jarraian egindako solasaldian, nagusien zalantza, lehentasun eta premiak zuzenean entzun zituen.

Amaitzeko, martitzen goizean Lanbide Heziketako ikasleekin topaketa egin zuen Lasak Bergarako Miguel Altuna institutuan. Ordu eta erdiko saioan Aldundiaren eskumen, ardura eta politikei buruz hitz egin zuten. Ikasleek era guztietako galderak egin zizkioten diputatuari: zaborrari buruzkoak, GKEei ematen zaien laguntzei buruz. Deskargako obren inguruan ere dudak galdetu zituzten ikasleek eta Gizarte Zerbitzuen kudeaketari buruzko eta errepideetako ordainsarien gainean galderak egiteko aukera izan zuten. Gainerako saio guztietan bezala, ahoz eta idatzik, esku-orrietan idatzita, egin ahal izan zituzten ekarpen guztiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.