Bihar, egubakoitza, Maritxu Kajoik miraria egin eta gutxira –gauerdian– itxiko dute Arrasate-Oñati lasterketako interneteko izenematea (herrikrosa.com). Eta, lasterketa egunean bertan ezingo da izena eman, horrenbestez, parranda egin ala ez aurrez erabaki beharko da: "Barkamenak arrasatearrei, badakigu eurendako ez dela egunik aproposena eta datorren urterako hausnartu egin beharko dugu lasterketa noiz jarri, baina aurten halaxe tokatu da. Maritxu Kajoirekin batera zubia ere bada, eta beste batzuk kanpora joango dira. Izenematean bagabiltza hori guztia igartzen, horrenbestez, jendea animatu gura dugu", dio Asier Osinaga Antxintxiketaneko antolatzaileak: "Dena dela, sarritan marka onenak biharamunarekin egiten dira!".
Hala, antolatzaileek esfortzua egin dute, eta parte-hartzea saritzeko aurtengo nobedadeetako bat da lasterkariei korrika egiteko zira polit bat oparituko dietela.
Ibilbidean aldaketak
Beste nobedade bat ibilbideari dagokio: "Zubillaga eta Madalena arteko zatia bidegorrian egin beharko dugu. Orain arte errepidea erabiltzen genuen tramu horretan, batez ere patinatzaileendako da egokiagoa, baina oraingoan ertzainek ez digute horretarako baimenik eman, eta Oñatiko Tatarras patinatzaile taldekoak arduratuko dira tramu horretan segurtasun neurriak hartzeaz". Eta, Atzeko Kaleko obrak amaitu ez dituztenez probak ia 500 metro gutxiago izango ditu, atletak zuzen sartuko dira-eta plazan egongo den helmugara.