Berrogei urtez herriko txirrindularitza bultzatzen

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 5a, 15:24

Urte guztiotan eskolako parte izan direnak batzeko asmotan, bazkaria eta ospakizun eguna izango dute azaroaren 19an. Horren aurretik, baina, hainbat ekintza izango dira urteurrenaren bueltan.

Azaroaren 5etik aurrera, Dixula tabernan hirurogehi eta hirurogeita hamargarren hamarkadetako Bergara, Antzuola eta Elgetako lau txirrindulari profesionali buruzko erakusketa jarriko dute ikusgai. Txirrindulari horiek Jesus Arantzabal, Migel Bengoa, Santi Aiastui eta Jose Inazio Askasibar.

Bestetik, azaroaren 13an, hilabete horretan ospatzen den Santa Zeziliaren egunaren bueltan, Udal Bandak Lokatzari egindako obrarekin irekiko du bere kontzertua, urteurrenari keinu eginez.

Azaroaren 19ko ospakizuna

Urteurrenaren bueltako egun handia, baina, azaroaren 19a izango da. Hala, goizeko hamarretan bizikleta martxa batekin hasiko dute eguna. Ondoren, eguerdi partean, txirrindulari protagonistekin batera Dixulako erakusketa bisitatuko dute, eta ondoren Aranzadi ikastolako gimnasioan izango dute bazkaria.

Berrogei urteotan Lokatzan berrehundik gora pertsonei luzatu die gonbita."Gutariko askok Lokatzan ibili ostean ez dugu kontaktua mantendu, eta uste dugu bazkaria aukera polita izan daitekeela berriro ere denok elkartu eta anekdotak kontatzeko", dio Jon Unamunok, Lokatzako presidenteak. Era berean, Unamunok dio ospakizun honekin hasieratik Lokatzan ibilitakoen lana goraipatu nahi dutela, eta honezkero gure artean ez daudenak gogora ekarri.

Bazkarirako tiketak hogeita bost euroan izango dira salgai, Igartua eta I2 bizikleta dendetan eta Gracian dendan.

Arratsalderako, berriz, tertulia antolatu dute, beti ere txirrindularitza ardatz izanik. Arantzabalek, Bengoak, Aiastuik eta Askasibarrek hartuko dute parte bertan, eta gidari lanetan Arritxu Iribar, Txomin Perurena eta Imanol Mendiburu arituko dira.

Hala, egun osoko egitaraua izango dute klubaren berrogei urteak ospatzeko. Bide batez, klubetik bizikleta gustuko duten gaztetxoei dei egin diete animatu daitezen beraiek ere datorren denboraldirako klubean izena eman eta Lokatzaren parte izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak