Garaipen erosoa UDArentzat Aloña Mendiren aurkako derbian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko urr. 2a, 19:46
UDAren aldeko korner bat.

Merezimendu osoz irabazi du UDAk gaur, domeka, Aloña Mendiren aurkako derbia: 3-0. Markagailuan nahiko goiz aurreratu eta eroso jokatu dute etxekoek; kanpokoek, aldiz, ez dute erreakziorako gaitasunik erakutsi, atzean sartuta egon dira galtzen joanda ere. Aretxabaletarren golegileak arrasatearrak izan dira: Julen Eraña, Julen Zaitegi eta Iker Sanchez, hurrenez hurren.

UDAk ezin izan du liga hobeto hasi, lau partiduetatik lau garaipen. Bigarrena da sailkapenean, Anaitasunarekin berdinduta. Aloña Mendik, aldiz, berandu baino lehen buelta eman beharko dio egoerarik ez badu Erregional Preferentera ez jaisteko sufritzen ibili.

Aloña Mendiko jokalari Gorka Irizarrek onartu du UDA gehiago izan dela: "Badakigu UDA oso talde indartsua dela, eta saiatu gara gauzak zail jartzen. Baina ez da posible izan, gehiago izan dira. Atzean sartu gaituzte eta ezin dugu aurrera egin. Emaitza justua izan da. Liga hasiera ez da ona izan; goialdean egongo diren taldeak tokatu zaizkigu... Hurrengo astetik aurrera irabaztera irten beharra dugu". 

Bestalde, derbian bigarren gola egin duen Julen Zaitegi aurrelari arrasatearrak nabarmendu du taldearen lana: "Bagenekien Aloña Mendi itxarotera etorriko zela eta eskerrak gola goiz sortu dugula. Egia esan, uste nuen bigarren zatian erasora jo eta gehiago irekiko zirela baina nahiko itxita jarraitu dute. Ez dugu aukera larregi sortu baina eurak apenas hurbildu dira gure atera. Nahiko eroso egongo gara, eta emaitzarekin pozik gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak