"Badakigu kategoriako talde onenetako baten zelaira joango garela jokatzera, horregatik, talde moduan jokatzera joango gara, partidu gogorra planteatuta", adierazi zuen Aloña Mendiko kapitain Joseba Irizarrek Harmailatik saioan, astelehenean. Izan ere, UDAk orain arte ez du bakarra ere barkatu, jokatutako hiru partiduak irabazi dituzte, eta dagoeneko –aurreikuspenak beteta– Iñigo Velezen mutilak ligako oilarretako bat bilakatu dira.
Oñatiko taldeak, berriz, ez du denboraldia gura moduan hasi –puntu bat batu dute– baina emaitzek lagundu ez badiete ere, pozik daude egiten dabiltzan lanarekin: "Talde gaztea dugu baina bagoaz geroago eta hobeto lan egiten. Gainera, luzera begirako lan espezifikoa egiten gabiltza, etorriko dira emaitzak", aitortu zuen kapitainak Mondraren kontra 0-0 egin berritan.
Aretxabaleta, esandako moduan, aurreikuspenak betetzen dabil. Hirugarren Mailan lehiatu ostean taldeari eutsi diote, eta ondo indartu dira. Eta, hasieratik ikusi dira emaitzak: Beti Gazte, Elgoibar eta Ordizia menperatu dituzte, eta horrekin batera Velezen mutilek gol bakarra jaso dute. Domekan, 16:30ean jokatuko dute UDAk eta Aloña Mendik.
Mondra ere ondo
Arrasateko taldeak partidu guztiak irabazi dituztenen multzoa utzi du, joan den astean Azkoagainen berdindu egin zuelako (0-0), baina Zubiaren mutilek sentsazio ona utzi zuten, oñatiarren atea zulatu ez bazuten ere hainbat aukera izan zituztelako, eta bi taldeek intentsitatez jokatu zuten. Hala, Arrasateko taldeak Ostadar hartuko du Mojategin (zapatua, 16:30).
Erregional preferentean
Bergarak 1-1 egin zuen joan den astean Zumaian, eta bihar ere kanpoan jokatuko dute, Eibarren, Urkoren kontra (17:30). Aretxabaletako eta Mondrako bigarren taldeek ere kanpoan jokatuko dute zapatuan, lehenengoek bigarren doazen Tolosakoen zelaian (15:30), eta Arrasatekoek Beasainen (16:00).
Antzuola, lider
Lehen erregionalean lider dago Antzuola, eta bihar Urki hartuko dute estalan (16:30). Bergarak eta Arizmendik, ostera, derbia jokatuko dute Ipintzan (18:00).