Aurtengo irailean ere, ohi duen bezala, Gipuzkoako enpresaburuei euren enpresen egoeraz galdetu die Adegik.
Enpresen %95ek langile kopuru berberarekin jarraitzea edo gehiago kontratatzea aurreikusten dute; bestalde, enpresen konfiantzak gora egin du, izan ere, %90,5ek uste dute merkatua normal dagoela edo berriro aktibatzeko egoeran.
Salmentak %2,1 hazi dira eta eskaera-zorroa %4 handitu da enpresendako, batez beste; hala, enpresen %83k bere eskariak handitzea edo haiei eustea lortu dute. Produkzio gaitasuna %80an erabiltzen da gaur egun. Azkenik, lau enpresatik batek langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak duela esan du.
Enpresen %12k langile gehiago behar dituzte
Enpresei bereziki galdetu diete langileez. Langile kopuruaren egokitasunaz galdetuta, enpresen %82,5ek esan dute langile kopuru “egokia” dutela, eta %12k, duten langile kopurua ez dela nahikoa. Enpresen %5,5ek bakarrik esan dute langile gehiegi dituztela; 2000. urtean seriea hasi zenetik, galdera horri erantzun hori eman dioten enpresa kopuru txikiena.
Adegiko zuzendari nagusi Jose Miguel Aiertzak esan duenez, inkestaren datuak Gipuzkoako ekonomiara eramanda, urte hasieran egindako aurreikuspena “berresten” dutela esan du: hain zuzen, 2016. urte osoan, aurreko urtearekin alderatuta, 5.500 lanpostu garbi sortuko direla.
Langabezia "beherako joeran" dago
“Esan dezakegu Gipuzkoan enplegua %2ko erritmoan sortzen ari dela eta langabeziak beherako joerari eusten diola”, esan du Aiertzak. Eta, gaineratu duenez, “datuek horixe egiaztatzen dute: 2013a ezkeroztik %23 egin du behera langabeziak, eta %10 inguruan dago, Europako langabezia mailan”.