"Pentsio duin batzuen alde", elkarretaratzeak egingo dituzte astelehenean

Zapatuan, urriak 1, Pertsona Helduen Nazioarteko Eguna dela eta, datorren astelehenean, urriak 3, hainbat elkarretaratze egingo dituzte Debagoienean, "Euskadin pentsio publikoak babesteko".

Elkarretaratzeak, ohiko toki eta orduetan egingo dituzte, Arrasaten, Oñatin, Bergaran, Elgetan, Antzuolan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Aretxabaletan.

Hiru lelo nagusi izango dira elkarretaratzeen muina. "Pentsio publikoak babestu behar ditugu Euskadin", "Ez dugu pentsiorik onartu behar 1.080 euro azpitik" eta "Ez dugu pentsio pobreak sortzen dituen enplegurik nahi".

Dokumentua, Agijupens, Nagusilan, Duintasuna, Fevaas, GEPE eta Helduak Adi elkarteek sinatu dute. "Gizarte Segurantzan pentsio bat bera ere ez da egon behar lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik, Europako Karta Sozialak (pobreziaren atalasea) emandako zenbatekoaren arabera. Pentsio publikoen etorkizuna oso loturik dago hazkunde ekonomikoari, enpleguaren sorkuntzari eta etekinen gehikuntzari, baina aldi berean, loturik dago borondate politikoari", adierazi dute Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformatik.

Besteak beste, "murrizketarik ez, Europar Batasunaren lansarien alderaketa, pentsioen finantzaketa gaur egungo egoerara moldatzea, erreforma fiskala, egin beharreko zerga bidea Europako batezbestekoaren presio fiskalera hurbiltzeko, gutxieneko diru sarrera duin bat eta alderdi politikoei konpromisoa" eskatzen diete GHEPtik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.