Irail hasieran Gatzagako eta Arantzazuko martxekin gertatu moduan, oraingo asteburuan ere mendi bizikleta zaleek izango dute non aukeratu, bailaran bi martxa izango direlako, zapatuan Arrasaten (09:00, Musakola), eta domekan Aretxabaletan (09:00, Herriko plazan).
Mondranbike, enduro ikutuarekin
Besaideko antolatzaileek ondo dakite non egon den orain arteko arrakastaren gakoa: Ibilbidean. Urtero pista berberetan ibili beharrean bidetxur berriak bilatzen eta txukuntzen jardun dute, Udala inguruan, Anporretan... Eta aurten ere izango da sorpresarik –antolatzaileek aurreratu dute enduroko tramurik gura ez duenarendako izango direla jaitsiera errazagoak–. Hemen duzue Arrasateko martxako ibilbidea, ibilbideari dagokionez, luzeak 33 kilometro (1.300 metroko desnibela) eta motzak 28 kilometro (900 metro).
Aretxabaletakoa, lehenengoz UDAk antolatuta
Domekan (09:00), berriz, UDAk antolatuta mendi bizikleta martxa egingo dute Aretxabaletan. Ez da izango Aretxabaletan egingo den lehena, azken urteotan mendi bizikleta zale talde baten ekimenez hainbat edizio antolatu izan dituztelako, baina bai izango da UDAk antolatzen duen lehena; erreleboa hartu dute, horrenbestez. Hemen ibilbidea. Hala, ibilbide luzeak 33 kilometro izango ditu (1.800 metroko desnibela) eta berritasuna da ibilbide motza (10km) familiei zuzendutakoa izango dela, hau da, Aretxabaletatik Urkulura igoko dira, eta urtegiari itzulia egin eta gero Herriko Plazara jaitsiko dira ostera ere.