Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

EAJ garaile Gipuzkoan, 116.989 botorekin

Leire Kortabarria 2016ko irailaren 25a

EAJk garbi irabazi du Gipuzkoan eta orain dela lau urteko urriko hauteskundeetan sortu zen ia berdinketa apurtu du; orduan, EH Bilduk irabazi zuen, baina EAJ 480 botora gelditu zen, aurreko hauteskundeetatik nabarmen gora eginez, eta bakoitzak botoen %32 eskuratu zuen. Orduan, bederatzina eserleku lortu zituzten. PSE-EE hirugarren izan zen, bost eserlekurekin, eta PPk bi lortu zituen.

EAJk 9 jesarlekuri eutsi; EH Bilduk, bat galdu

Orain, EAJk Gipuzkoako 25 eserlekuetatik 9 lortu ditu, eta EH Bilduk 8 lortu ditu. Oso urruti gelditu da Elkarrekin Podemos, hiru ordezkarirekin; hirugarren alderdi bihurtzea lortu du, baina ez ditu aurreikuspenak bete. PSE izan da hauteskunde hauetako galtzaile handiena; bi ordezkari galdu ditu eta hirurekin gelditu da. PPk birekin jarraituko du.

Irailaren 25ean, Gipuzkoan 555.075 lagunek zuten boto eskubidea, eta horietatik %61,87k bozkatu dute (abstentzioa: %38,13). EAJk 116.989 boto lortu ditu (%34,38); EH Bilduk, 98.181 (%28,85); Elkarrekin Podemosek, 48.338 (%14,20); PSE-EEk, 40.262 (%11,83); PPk, 24.622 (%7,23); Ciudadanosek, 5.696 (%1,67). 2012ko urriko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, parte-hartzea zertxobait handiagoa izan zen; %63,28koa, hain zuzen ere.

2012a ezkero izan diren hauteskundeei begiratuz gero, eboluzioa honako hau izan da: 2015eko udal hauteskundeetan, EAJk boto gehiago lortu zituen (110.882; botoen %31,67) EH Bilduk baino (106.861; %30,52), baina zinegotzi gutxiago (280 eta 398, hurrenez hurren); hirugarren alderdia berriz ere PSE-EE izan zen, botoen %20 baino zertxobait gutxiago lortuz. Berriz, 2016ko Espainiako Gorteetarako hautskundeetan, Podemos/Ahal Dugu-IU argi nagusitu zen boto kopuruan (104.566 boto, %28,82), EAJ bigarren postuan geratu zen, botoen %23,43rekin, eta EH Bildu hirugarren izan zen, %19,25rekin.

Donostian, EAJ garaile

Gipuzkoako hiri eta herri nagusiei begiratuta, EAJ garaile izan da Donostian, Irunen, Eibarren, Tolosan, Hondarribian, Zumarragan, Beasainen, Ordizian eta Pasaian; EH Bilduk irabazi du Errenterian, Andoainen, Azpeitian eta Oiartzunen, besteak beste. PSE-EEk Lasarte-Orian irabazi du.

Donostian, EAJk botoen %33,37 lortu ditu; EH Bildu da bigarren, %19,76rekin; Elkarrekin Podemos hirugarren izan da, %15ekin; PSE laugarren da, %13,88rekin; eta PP bosgarren, %12,80rekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak