Azken urte eta erdian laugarren aldiz, erakunde publiko bateko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Debagoieneko kasuan (Aramaio barne), 50.400 herritar daude deituta gaur botoa ematera.
3.000 lagunetik gora lanean
Hauteskunde egun batek suposatzen duen lanaren adierazle, Segurtasun Sailak 3.000 pertsona baino gehiagoko taldea gertu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto-zenbaketa biltzeko eta hedatzeko. Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak egingo ditu publiko datuak, Gasteizen dagoen Lehendakaritzaren egoitzatik; hala ere, zenbatutako botoen ehunekoa adierazgarria denean eta hiru lurralde ofizialetan orekatua denean emango zaio hasiera datuen hedapen publikoari.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua arduratuko da zenbatu diren lehen botoen datuak eskaintzeaz. Une horretatik aurrera, boto-zenbaketa eta botoen eta eserleku-banaketaren informazioa zabalik egingo da eta etengabe eguneratuko da emaitzen %100era iritsi arte. Sistemak "bermerik handiena" eskaintzen du emaitzen berri modu arin eta fidagarrian jakinarazteko.
Goienak, uneoroko jarraipena
Goizean goizetik Goiena.eus-ek uneoroko jarraipena egingo dio hauteskunde egunari eta Goiena telebistan saio berezia egingo da 19:45ean hasita, analista politikoekin eta alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien balorazioekin.