Horiekin batera, lurraldeko EAJko beste alkateak eta Markel Olano diputatu nagusia ere; baita Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea ere. Legebiltzarrerako hautagaiekin batera, Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburuarekin.
"Denbora berriari ekin genion duela urtebete eta erdi –udal eta foru hauteskundeetan-, eta jarraipena behar du Eusko Jaurlaritzan –Urkullu Lehendakariarekin- eta Legebiltzarrean; eta horretarako, EAJk emaitza ona behar du", nabarmendu dute Eneko Goiak eta Markel Olanok.
Bere aldetik, Joseba Egibarrek azpimarratu du "EAJko erakunde-ordezkari guztiek proiektu politiko beraren alde" dihardutela lanean. Gogoratu ondoren bertan zeuden guztiak udal eta foru hauteskundeetan bozkatuenak izan zirela, azpimarratu du "nazio bat behetik gora eraikitzen dela, udalerriz udalerri hasita, lurraldetik pasa eta Legebiltzarreraino; horrela, nazioa, herria, indartu egiten da”.
Legebiltzarreko bozeramaile jeltzalea konbentzituta agertu da EAJ "ardatz" onena dela nazio-proiektu horretarako. "Baina ez da nahikoa ardatza izatea, motorra ere izan behar gara, herri honen bultzatzaile nagusia", gaineratu du. Ildo horretan, azaldu du EAJren botoa "boto konprometitua" dela bi zentzutan: "botoa eskatzen dugunean, joan-etorriko konpromisoa eskaintzen dugu. Izan ere, ordezkari politikoen lana askoz ere emankorragoa da herritarren babesa eta bultzada baldin badauka", erantsi du.