Segurtasun Sailak hiru mila pertsona baino gehiagoko taldea prest du datorren igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako boto-zenbaketa biltzeko eta hedatzeko. Hautetsontziek ematen dituzten emaitzak hauteslekuetatik transmitituko zaizkio Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzaren Prozesamendu Zentroari, eta, ondoren, herritarrei jakinaraziko zaizkie Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialetik.
Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat izango da, eta hura arduratuko da datuak Eusko Jaurlaritzaren harrera eta tratamenduko zentralera bidaltzeaz. Zentral horretan, datuak prozesatu eta berehala emango dira argitara. Interneteko eta hedabideetako eskakizunetara egokitutako hainbat formatutan emango dira.
Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofizialak egingo ditu publiko datuak, Vitoria-Gasteizen dagoen Lehendakaritzaren egoitzatik; alabaina, zenbatutako botoen ehunekoa adierazgarria denean eta hiri lurralde ofizialetan orekatua denean emango zaio hasiera datuen hedapen publikoari. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua arduratuko da zenbatu diren lehen botoen datuak eskaintzeaz.
Une horretatik aurrera, boto-zenbaketa eta botoen eta eserleku-banaketaren informazioa zabalik egingo da eta etengabe eguneratuko da emaitzen %100era iritsi arte.
Boto-zenbaketa hedatzeko sistema aurreko hauteskundeetan arrakasta osoz erabili izan denaren antzekoa da, eta bermerik handiena eskaintzen du herritarrei hauteskunde-emaitzen berri modu arin eta fidagarrian iristen zaiela ziurtatzeko.