Euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik jaso du II. EZAE Saria Amama filmeko taldeak, gaur goizean Donostia Zinemaldian egindako ekitaldian. Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek pelikula saritua “hemen bakarrik egin zitekeen film unibertsala” dela adierazi du.
Zinema-industriaren dozenaka ordezkari bildu dira sari-banaketan, 50 zinema jaialditan izan den eta 18 sari jaso dituen ekoizpen honen lorpenak aintzat hartzeko. Nazioarteko arrakastaz gain, Amama Estatuko 85 zinema-aretotan estreinatu da, eta Frantziako 26 pantailatan. Rebordinosek gogorarazi du saritutako filmak iazko Zinemaldiko Sail Nagusian parte hartu zuela, eta pelikula “euskal zinemaren produkzio gorenen artean” dagoela adierazi du. Zinemaldiko zuzendariak EZAEren lana eskertu nahi izan du, gainera. Izan ere, elkarteak, zine-aretoetako emanaldiei esker, "euskal zinemaren aldeko lan garrantzitsua” egiten duela adierazi du Rebordinosek.
Aldi berean, erakundeen eta euskal telebistaren inplikazio handiagoa eskatu du, "gure zinemagintzaren momentu ona alferrik ez galtzeko".
Bestalde, Amama filmaren merituak azpimarratu ditu Coro Odriozola EZAEko idazkariak. Pelikularen "kalitate artistiko ukaezina"; nabarmendu du, "kritikariek eta publikoak txalotua" izan dena. Gainera, 2015ean ikusle gehien erakarri dituen euskal filma dela gogorarazi du.