Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren bitartez jarri da abian Txertatu Merkatuan proiektua; hain zuzen, horren funtsen %91,89 Europako Batasunak ipini du. Helburua da 16 eta 30 urte arteko gazte langabeak lan-merkatura sartzen laguntzea. Horretarako, norberaren premiei erantzuten saiatuko dira, gizarteratzea eta laneratzea bultzatuz. Euskadi osoan, 500 gaztek parte hartu ahal izango dute.
Txertatu Merkatuan programaren berezitasuna da hasiera-hasieratik parte-hartzaile bakoitzaren egoera kontuan hartuko duela, haren zailtasunak gainditzen eta hobetzen laguntzeko.
Lau hilabeteko prestakuntza
Parte hartzeko, honako baldintzak bete behar dira:
- 16 eta 30 urte artekoa izatea
- Debagoienean erroldatuta izatea
- Ikasketarik gabea izatea; edo lehen mailako ikasketekin; edo bigarren mailako ikasketekin; edo Lanbide Heziketa, bukatuta edo bukatu gabe; edo erdi-mailako heziketa zikloa, bukatuta edo bukatu gabe; edo unibertsitateko ikasketak bukatu gabe
- Langabea izatea
- Prestakuntzarik jasotzen ez egotea
Lau hilabeteko ibilbidea jarraituko dute parte-hartzaileek urritik 2017ko urtarrilera arte. Talde-saioak, laneratze tailerrak, saio indibidualak, prestakuntza tekniko saioak eta praktikak egingo dituzte.
Nondik norako guztiak azalduko dituzte arduradunek eguenean, hilak 22, Mankomunitatean (Arrasateko Nafarroa Etorbidean), 11:00etan.