Bergarak 4-1 irabazi dio Aretxabaletari, kategoriako oilarretako bat izango dela erakutsita

Lehenengo zatian 2-0ekoarekin erretiratu dira Mikel Juaristiren mutilak, eta bigarrena hasi eta berehala erabaki dute norgehiagoka, 3-0ekoarekin (Markel Ilzarbe). Laugarrena ere egin dute mahoneroek, eta Aretxabaletaren 4-1ekoarekin amaitu da lehia. Maila bat gorago, UDAk eta Mondrak aurrean jarraitzen dute, asteburuko norgehiagokak gaindituta. Aloña Mendik, berriz, jipoia jaso du Anaitasunaren kontura (5-0).  

Liga ondo hastea zen Bergararen nahietako bat, eta horretarako lehenengo pausoa eman dute gaur Mikel Juaristiren mutilek, Juanan Cruzek zuzentzen duen Aretxabaleta 4-1 mendean hartuta. Hasieratik erakutsi du Bergarak Aretxabaleta baino ohituago dagoela belar naturaleko zelaian jokatzera, eta ez hori bakarrik, koska bat gorago daudela berretsi dute. Hala, mailari eutsi eta progresio egokia baldin badaukate, aurten ere kategoriaz igotzeko borrokan ibiliko da Bergara, nahiz eta liga hasi baino ez duten egin. Asisek (2), eta Ilzarbek egin dituzte Bergarakoen aldeko golak –bigarrena Aretxabaletakoek sartu dute, euren atean, korner bat txarto alderatu eta gero–. 

Mondrak eta Aretxabaletak, etxean ere irabazi

Mondrak 5-2 irabazi zion atzo Ordiziari, kanpotarrek huts mordoa egin zituzten partiduan. Opari horiek, baina, ondo aprobetxatu zituzten zuri-moreek, etxeko lehen garaipena eskuratzeko. Aukeran, baina, bizpahiru jokalari on bai baina talde moduan apartekorik erakutsi ez zuen Ordiziaren kontra komeni baino gehiago sufritu zuen Arrasateko taldeak. Kanpotarrak 3-2koa egitera iritsi ziren, aurreko hiru goletatik bi oparitu eta gero –Santxoren gol ederrari ezin zaio meriturik kendu– baina kanpotarrak 3-2kora gerturatu ziren. Berdintzeko aukerak ere izan zituzten ordiziarrek, baina ez zituzten horiek aprobetxatu, eta partiduaren azken txanpan Mondrak bi gol egin zituen, zaleen lasaitasunerako.

Aretxabaletak, berriz, aurreko astean Mondrak mendean hartutako Elgoibarren bisita izan du, eta Arizmendiarrietaren eta Sanchezen golei esker puntuak Ibarran geratu dira. Bi garaipen horiei esker, Mondra eta UDA ligako oilarren artean kokatu dira, sei talde baino ez daude-eta bi partiduak irabazi dituztenak.

Aloña Mendik, berriz, etxetik kanpora jokatu du, hain zuzen, egindako bost golei esker lider jarri den Anaitasunaren zelaian, eta Urzelairen mutilek porrot mingarria jaso dute.

Lehen erregionalean Antzuola lider

Amaitzeko, lehen erregionalean Antzuolak 2-1 irabazi dio Arizmendiri. Multzo berean, Aloña Mendik 0-1 irabazi dio Soraluzeri, eta Bergarako bigarren taldeak atseden izan du. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.