Tourmaleta gurpil bakarraren gainean igo eta jaisteaz batera, gaurtik Aretxabaletakoa da munduko azkarrena caballitoa egiten.
15:40an hasi du erronka. Kanpoan bero itogarria egiten zuen, baina belodromoan uste baino hobeto egoten zen; hala ere, ordubetean ez du hidratatzeko aukerarik izan. Ez zuen behar, azken asteotan izandako enduro lasterketetan gorputzaldi oso onean dagoela erakutsi duelako. –Esaterako, asteburuan Frantziako Pirineotan egiten duten PyrEpic lasterketan hirugarren izan da, Munduko Cross Country Txapelketan lehiatzen direnekin edo errepidean ziklista profesionalak izan direnekin lehiatu ondoren–.
Bada, sasoi puntuari etekina aterata, kontzentrazioari eutsita, eta lagunen eta etxekoen bultzadarekin Uriartek Guinness errekorra ondu du. Lehenengo itzuliak indartsu hasi ditu, 32 kilometro ordura, baina normala den moduan nekea igartzen joan da, eta azken minutuetan erritmoa apur bat moteldu du; hala ere, birrindu egin du errekorra. Hurrengo erronka buruan dauka jada, Santiagoko Bidea egitea; noski, caballitoan.