Irailaren 13tik 28ra arte, Muzibar-Arbolapeta-San Frantzisko hiri tartea berrantolatzeko erakusketa jarriko du Arrasateko Udalak Kulturaten. Erakusketaren helburu nagusia da hiri zati hori antolatzeko proposamenei buruz herritarren iritzia jasotzea. Horretarako, planoak eta proiektuari buruzko informazio zehatza egongo dira eskuragarri.
Hiru multzo, 21 proposamen
Erakusketan, kale tarte hori antolatzeko 21 proposamen izango dituzte herritarrek, hiru multzo nagusitan banatuta: Erreka azaleratu barik, erreka azaleratuta zabalera txikiarekin eta erreka azaleratu gabe zabalera handiagoarekin.
"Hainbeste proposamenekin, nahasgarria izan daiteke herritarren iritzia norantz doan jakitea. Beraz, hiru multzo nagusitan antolatzea erabaki dugu", adierazi dute Udal Gobernuko kideek.
Oinezkoentzako kale bihurtzea, aparkalekuak murriztea, bidegorria egitea eta halako proposamenak egongo dira mahai gainean. Herritarrek hainbat aukera izango dituzte euren iritziak helarazteko. Lehena, Kulturaten bertan; bigarrena, BAZen; eta hirugarrena, www.arrasate.eus webgunean. Iritziak emateko epea otsail bukaera arte izango da.