Debagoieneko txirrindulari taldeen artean hartu eman onak izateak halako albiste pozgarriak uzten ditu. Mikel Arregik, Bergarako Lokatzako harrobiko ziklistak, Oñatiko Ulman izan du kirol ibilbidearekin aurrera egiteko aukera aurten, eta antzuolarrak denboraldi oso txukunarekin eskatu du jasotako konfiantza. Orain artean, lasterketa askotan aurreko postuetako saltsan sartuta ibili da Arregi, baina ez du garaipenik lortu. Domekan, baina, hasierako hiesaldi saiakeran sartu ziren Arregi eta Murgiondo –guztira bost lagun ziren– eta lasterketak aurrera egin ahala Ulmakoek aurrera egitea erabaki zuten; Arregik lehenengo, eta Murgiondok gero.
Taktikoki jokaldi bikaina izan zen, bien arteko elkarlanak aukera gutxi utzi zien atzetik zetozenei, eta hortzak ondo estutu behar izan bazituzten ere, helmugara 40 segundo pasatxoko tartearekin iritsi ziren. Murgiondok hainbatetan jaso ditu aurten besoak, oraingoan Arregiren momentua zen.
Agurra, Oñatin
Hala, gazte mailako ziklistek etxean bertan agurtu ahal izango dute denboraldia, Oñatin lasterketa egingo dute-eta bihar, zapatua (10:00etan irteera). Ia 90 kilometro egin ostean 12:15 inguruan izango dira helmugan, Unibertsitate Etorbidean.