Batzuk pozik eta beste batzuk ez horrenbeste, baina ikasle asko ikastetxera itzuli dira gaur. Negarrak entzun ahal izan dira, baina orokorrean lagunak berriro ere ikusteko gogoz joan dira txikienak eskolara.
Oñatiko Txantxiku ikastolak edota Bergarako Mariaren Lagundiak gaur zabaldu dituzte ateak. Beste ikastetxe batzuetan, berriz, 0 eta bi urte bitarteko umeen zaintza zerbitzua soilik daukate martxan.
Zentro gehienek, hala ere, bihar bertan ekingo diote ikasturteari, edo bestela eguenean, Eskoriatzako Luis Ezeiza edota Angiozarko herri eskolaren kasuan bezala.
8.300 ikasle
Zortzi mila eta hirurehun ikasle inguru izango dira denera gure bailaran hasi berri den ikasturte honetan.
Aipatutako ikasle horietatik erdiak baino gehiagok, lau mila eta bostehunek, hezkuntza kontzertatuko ikastetxeetan egingo dituzte euren heziketak, eta gainontzekoek, berriz, hiru mila eta laurehun inguruk, hezkuntza publikoaren sareko ikastetxeetan.
Hala, aste honetan hasi eta 2017 urteko ekainera arte izango dituzte eskolak ibarreko ikasle gehienek.