Heroinaren kontsumoa dela eta kezkatuta dago Arrasateko Udala

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 2a, 09:30
Maiatz inguruan, Arrasateko txoko batean agertutakoa.

Arrasateko Udal ordezkariak "oso kezkatuta" daude heroinaren kontsumoa dela eta. Gainera, herritarren artean ere "igarri" dute kezka hori. Horregatik, horri heltzeko asmoa agertu dute.

"Benetan kezkatuta gaude eta herritarren artean ere kezka sumatzen dugu. Horregatik, Herrizaingo Sailera eskutitz ofiziala bidaltzeko asmoa dugu harreman zuzena izateko horiekin", jakinarazi du Maria Ubarretxena alkateak astean, Arrasate Irratian, eta gaineratu: "Horrez gain, ikastetxeetara joko dugu eta, seguru asko, lanketa bereziren bat egin. Informazioa behar-beharrezkoa dela uste dugu".

Zaintza areagotu

Arrasateko udaltzain batek esandakoaren arabera igarri dute "heroinaren kontsumoak gora" egin duela azken urtean, besteak beste, hainbat gunetan agertu izan direlako xiringak: San Andresen, Obenerrekan, Monterron inguruan… Hala ere, xiringekin dabiltzanak "ez direla asko" uste du, lau bat. "Erre, ostera, gehiagok" egiten dutelakoan dago, eta aurkitu izan dituzte kalean "txinoak erretzen". Kezkatu dituen beste datu bat adina dela jakinarazi du. Izan ere, dio, oso gazteak direla batzuk, 16 urterekin-edo hasiak, ez diotela batere beldurrik, eta ez direla jabetzen heroinak eta beste droga batzuek dakarten mendekotasunarekin eta arriskuarekin. 1980ko hamarkadan Arrasaten, Elgoibarren, Bermeon eta beste hainbat herritan gertatutakoa gogorarazteko haiekin berba ere egin dutela dio, baina oso urrun ikusten dutela 80ko hamarkada hura gazteek. Gaineratu du heroina bakarrik ez, sukoa, hau da, heroina eta kokaina amoniakoarekin nahastuta ere kontsumitzen dutela.

Bestalde, Amaia Frontaura udaltzainburu-ordeak jakinarazi du arreta areagotu egin dutela. Herriko komun publikoetatik, esaterako, "astean lau aldiz" pasatzen dira arratsalde-gau partean, xiringak, besteak beste, komunetan agertu izan direlako.

Ertzaintzatik ere adierazi dute zaintza areagotu egin dutela bai kontsumoari, bai salmentari begira, eta, adierazitakoaren arabera, "Arrasaten bakarrik" atzeman dute egoera hori.

Kiten salmentek gora

Xiringen salmenten adierazle, Arrasateko erdigunean dagoen botika batean adierazi dute hiesaren kontrako kiten salmentek gora egin dutela azken urte eta erdian. Hiesaren prebentziorako Eusko Jaurlaritzak banatutako kit hori osatzen dute, besteak beste, xiringa batek eta preserbatibo batek. Kopuru zehatzaren berri ez dute, baina guardiako ordutegian bi eta hiru artean saltzen dituztela egunean jakinarazi dute, eta ohiko ordutegian bat eta bi artean. Botikariak baieztatu du "oso gazteak" direla horiek erosten dituztenak.

Etengabeko jarraipena

Edozein modutan, eta datuak datu, Ai Laket! –droga erabiltzaileak arrisku murrizketaren alde– elkarteko kideek jakinarazi dute heroinaren kontsumoak gora egin duen baieztatzeko daturik ez dutela eurek. Dena den, Drogen eta Toxikomanien Europako Behatokiak azken txostenean dioena gogorarazi gura izan dute; hau da, munduko hainbat herrialdetan sortutako heroinaren epidemiak adierazten duela etengabeko jarraipena egin beharreko kontua dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak