Udako futbol torneoetan erakutsiko dute taldeek aurpegi berria

Xabier Urtzelai 2016ko ira. 1a, 15:47

Azkarate eta Sanchez, baloiagatik lehian, 2013ko Arrasate Hiria Torneoko artxibo erretratuan. | goiena

Lanean dabiltza futbol talde denak. Gehienak abuztu erdi inguruan hasi ziren entrenatzen, eta dagoeneko denboraldiaurreko hainbat lagunarteko jokatu dituzte. Hala, liga txapelketak hasi aurretik –Ohorezko Erregionala irailaren 10ean hasiko dute, eta 17an Erregional Preferentea– zapatuan, hilak 3, udako hainbat torneo jokatuko dituzte, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin. 

Josu Zubiaren Mondra hilaren 15ean hasi zen lanean, eta jada Deustoren eta Mundarroren kontra jokatu dute. Bihar, zapatua, Arrasate Hiria torneoa jokatuko dute, eta hiruko torneora kategoria berean lehiatuko diren UDA eta Amaikak Bat taldeak gonbidatu dituzte.  

Torneoa 16:30ean hasiko dute Amaikak Batek eta UDAk jokatuko duten partiduarekin; 17:30ean Mondra eta Amaikak Bat izango dira aurrez aurre, eta 18:30ean Mondra eta UDA –45 minutuko partiduak izango dira–. 

Taldeei dagokienez, Mondrak taldea indartzeko esfortzua egin du, eta sei aurpegi berri izango ditu: Ioritz Aginagalde, Asier Sanchez Sancho, Oihan Rodriguez, Ander Arroyo, Julen Etxaniz eta Julen Valle. Sei horietatik, gainera, lau arrasatearrak dira. Aretxabaletak, ostera, hiru fitxaketa egin ditu taldea indartzeko: Mikel Femia (San Martin), Aritz Castro (Alaves) eta Rodrigo (Amurrio). Beheko taldetik, berriz, bost jokalari igoko dituzte: Beñat Olabe, Markel Gordoa, Igor Murgoitio, Txomin Martinez eta Iker Arriolabengoa.

Jose Luis Agirreren omenez

Aloña Mendik uztail erdian hainbat lansaio egin ostean –besteak beste Gotzon Urzelai entrenatzaile berria taldekideei aurkezteko– bi aste hauetan hainbat lagunarteko jokatu dituzte –Orioko, Alaves, Ariznabarra eta Bergara–. Bihar, zapatua (17:00) Jose Luis Agirreren omenezko torneoan Eibarko Urko izango dute aurrean.

Iaz, Jose Luis Agirreren oroimenezkoan taldeak zelairatzen.

Taldeari dagokionez, erregional mailako taldetik Antton Agirre, Jon Txapartegi eta Iñigo Barrena lehen taldera igoko dituzte, eta gazte mailatik beste bi jokalarik gora egingo dute. 

Bergara Hiria

Bergarak, berriz, Mondrako eta UDAko bigarren taldeekin batera astebete gehiago izango du liga prestatzeko, hilaren 17an hasiko dute-eta liga. Mahoneroek azkenera arte estutu zuten iaz, mailaz igotzeko, eta motibazio hori izango dute aurten ere. Hala, liga ondo hastea izango da lehenengo eginbeharra. Bihar, zapatua (18:00), Elgoibarren kontra jokatuko dute Bergara Hiria torneoa, Agorrosinen. Eta ondoren, hilaren 7an Ermuaren kontra, eta hilaren 10ean Elorrioren kontra neurtuko dituzte indarrak –bi partiduak Agorrosinen–. 

Taldea kanpoan egon diren bergararrekin indartuko dute, Markel Ilzarbe (UDA), Josu Diaz (Mondra) eta Christian Rodriguez (Reala) taldera itzuliko direlako. Eta, harrobitik Paul Valgañon, Martin Azpiazu eta Andoni Bretaña igoko dituzte.

Antzuola, taldea indartzera

Antzuola lehen erregionalera jaitsi izanak nolabaiteko iraultza ekarri du taldera. Aldaketak izan dira, iaztik 11 lagunek jarraitzen dute, baina garai batean futbola utzitakoek, edo kanpora joandakoek itzultzea erabaki dute. Hala, Markel Lete (UDA), bueltatu da, Oxel Apraiz (UDA) aurrelari arrasatearrak ere Antzuolan jokatuko du, eta baita Julian Ramirezek ere. Eta, futbola utzita zeukaten Ander Arana eta Asier Longares ere entrenatzen dabiltza. Eta hori gutxi balitz, gazte mailako zazpi jokalari igo dituzte. Irailaren 9an UDA B taldearen kontra jokatuko dute, eta hilaren 13an Bergara B taldearen kontra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak